Udalak lansaioa deitu du 18:30etan Sutegin adinekoen egoitzaren proiektua azaltzeko

Noaua Aldizkaria 2019ko mar. 13a, 12:58

Adinekoen egoitza berria egin asmoz dabil Usurbilgo Udala, eta gauzak ondo bidean, 2021rako martxan behar luke. Hasieraz onartu duen proiektu plan berezia eta jendaurrean azalduko du Udalak martxoaren 13an Sutegin egingo duen lansaioan. 

Saioaren helburua ez da soilik proiektuaren gaineko nondik norakoak azaltzea, baizik herritarrei lekua egitea ekarpenak egiteko. Bilera martxoaren 13an izango da, asteazkenean, arratsaldeko 18:30etan, eta bertan izango dira Udala eta Matia Fundazioko kideak. Proiektuarekin lantzen ari diren hitzarmen sozialaren xehetasunak emango dituzte, eta alderdi sozial hori ere herritarrekin lantzea da bileraren beste asmoetako bat.

Hirigintzaren ikuspegitik, mugikortasuna lantzea da proiektuaren beste ardatzetako bat. Horretarako, N-634 errepideko autobus-geltokitik auzune berrira iristeko igogailua izatea bermatu nahi du Udalak. Hori ahalbidetuko duen proiektua eta finantziazioa lortzeko hartu-emanean ari da Udala Diputazioarekin.