Apirilaren 28ko hauteskundeetarako posta bidezko bozka eskatzeko epea zabalik

Noaua Aldizkaria 2019ko mar. 5a, 13:10

Astearte honetan desegin dituzte Espainiako Kongresu eta Senatua, apirilaren 28ko hauteskundeetako deialdi ofiziala plazaratzearekin batera. Egun honetan bertan zabaldu dute baita, posta bidezko bozka eskatzeko epea ere.

Espainiako Gorteak berritzeko apirilaren 28ko hauteskundeei begirako prestaketa lanak abiatu dira. Dagoeneko, Espainiako Kongresua eta Senatua desegin dituzte astearte honetan ofizialki, Espainiako Gobernuak otsailaren 15ean hauteskundeak deitzeko erabakia gaurko Espaniako Aldizkari Ofizialak argitara eman ostean. Honenbestez, amaitutzat eman dute 2016ko ekainaren 26ko hauteskundeen ondotik abiaturiko legealdia. 

Astearte honetatik bestalde, posta bidezko bozka eskatzeko epea zabalik duzue Correosen apirilaren 18ra arte. Segidan duzue posta bidez bozkatu asmo duzuenontzako egutegia eta hauteskunde hauei lotutako data eta datu gehiago:
-Martxoak 5-apirilak 18: posta bidez bozkatzea eskatzeko aukera Correosen.
-Apirilak 12-26: hauteskunde kanpaina.
-Apirilak 18-21: posta bidez bozkatzea eskatu dutenek, dokumentazioa jasoko dute.
-Apirilaren 24ra arte: posta bidezko bozka eta dokumentazioa Correosen aurkeztea.
-Apirilak 28: Espainiako Gorteak berritzeko hauteskundeak. Gipuzkoak sei diputatuz osaturiko ordezkaritza izango du Madrilen. 
-Maiatzak 21: Espainiako Kongresu eta Senatu berriak osatzeko ekitaldiak.

Hurrengo hitzordua, maiatzaren 26an
Hilabeteko tartean helduko da hauteskunde egun berri bat. Maiatzaren 26an, udal eta foru hauteskundeak ospatuko ditugu, baita Europakoak ere. Zubietan gainera, Herri Batzarra berritzeko aukera izango dute. Udal hauteskundeei dagokienez, EHBilduk eta EAJ-k alderdiotako zerrenda buruak nortzuk izango diren hautatuak dituzte jada; EHBilduren alkategaia Agurtzane Solaberrieta Mesa izango da eta EAJ-ren alkategaia Josune Urkola.