Martxoak 8

Bilera deitu dute gaurko, Martxoaren 8ko haurren zaintza gunearen antolatzaileek

Noaua Aldizkaria 2019ko mar. 5a, 10:08

Gogoan izan, Martxoaren 8ko greba feministaren harira gizonezkoek  kudeaturiko haurren zaintza gunea egokituko dute egunean zehar Askatasuna plazan. Antolatzaileek bilera deitu dute astearte honetan (martxoak 5) 20:30etan Aitzagan, "zaintzaren inguruko planteamendua planifikatzeko".

Gizonezkoen papera giltzarria izango da baita mugimendu feministak Martxoaren 8rako deitua duen greba egunean. Usurbilen gizonezko talde batek haurrentzako zaintza gunea antolatzea erabaki du.

"Martxoaren 8an emakumeek greba egin dezaten, beraien giza eskubideak aldarrikatzeko, gizonezkoak paper garrantzitsu bat dugu egun honetan", iragarri du gizon talde batek NOAUA!ra helarazitako oharrean. Lehentasun bat finkatua dago gizonentzat, Martxoaren 8rako; mobilizazioetan parte hartu ordez, zaintza lanez arduratzea. 

Horren harira, haurrentzako zaintza zerbitzua antolatu dute egun horretarako Askatasuna plazan. "Bertan gizonezkoek parte hartzeko deia egiten dugu zaintza kolektibo honetan, egun honetan guk soilik arduratu behar baitugu horretaz, ahalik eta emakume gehienek greba aurrera eraman dezaten, beraien eskubidea baita".

Haurrak zaintza gune honetara eraman asmo dituzuenoi begira adi, izena aurrez eman beharko baita, bideotatik:

HAURREN ZAINTZA GUNEA
Eguna: Martxoak 8, ostirala.
Ordutegia: 12:30-14:30 / 16:30-18:00.
Tokia: Askatasuna plaza.
Oharra: haur bakoitzak bere baakaria eraman beharko du.
Izen ematea:
usurbilm8gizonak@gmail.com
Bordatxo, Txirristra eta Aitzaga tabernak

GIZONEZKOEI ZUZENDURIKO MARTXOAREN 8RAKO GIDA

  • Aita bazara zure seme-alabez arduratu eta eztabaida zein ikasle greba lagundu (guraso elkartean, eskolan…).
  • Laguna bazara, zure lagunen umeak zaindu ditzakezu.
  • Lankidea bazara, lantokian emakume* greba zabaltzeko, babesteko, zerbitzu minimoak egiteko edo emakume* lankideen lana egiteko eskaini ahal duzu zure burua. Eguneko soldata mugimendu feministari eman diezaiokezu, edo lantokian emakume* grebarentzat erresistentzia kutxa antola dezakezu.
  • Enpresako nagusia bazara, enpresa itxi eta beharrezkoa bada zaintza kolektiborako espazioa irekitzea ahalbidetu.
  • Ikaslea edota irakaslea bazara, eskolara joango ez diren emakume* ikaskideak eta ikasleen lanuztea babestu eta eskolak zaintza komunitariorako espazio bilakatu.
  • Zure familian, elkarbizitza taldean edo inguru afektiboan zaintza behar duenik badago, has zaitez egun horretatik aurrera ohituraz emakumeok* betetzen dugun lan horretaz arduratzen.
  • Zaintza komunitariorako espazioak autonomoki sortu (lantegietan, eskoletan, gaztetxeetan, e.a.). Gizonek ardura hartu behar dute, helburua ez da emakumeen* laguntzaile izatea.
  • M8rako antolatzen diren bazkari herrikoietan e.a. lana egiteko zure burua eskaini.
  • Zure inguruko norbait zaintzeko soldatapeko emakume bat badago (haur, adindun, bizilagun e.a.) zure burua eskaini egun horretan lan egiteko.
  • Emakume* batekin harreman sexu-afektiborik baduzu, martxoaren 8an kalean egoteko behar duen laguntza guztia emaiozu.
  • Zabaldu mezua zure lagun eta talde guztien artean. Militantea bazara, eraman zure eremu politikora.
  • Ez kontsumitu. Batu zaitez kontsumo grebara.
  • Greba egunaren aurretik eta ondoren beste gizonezkoekin bildu zaitezke, maskulinitateen inguruan elkarrekin hausnartzeko, lan pertsonala eta kolektiboa egiteko, zuen pribilegioez kontzientzia hartzeko eta menderakuntzarik gabeko jendartea lortzeko bidean pausoak emateko.

GREBA FEMINISTA BABESTEN ARI BAZARA,
ZURE LEKUA ETXEKO ETA ZAINTZA LANETAN DAGO!