Otxotorena eta Toledo: “Herria suntsitu baino ez dute nahi, berriz ere”

Noaua Aldizkaria 2019ko mar. 7a, 15:52

Hugo Chavez Venezuelako presidente hil eta 5 urte bete diren egunean, Tadamun elkargune internazionalistak Sutegira ekarri du Venezuelaren gaineko ika-mika. Willy Toledo aktore ezaguna eta Agustin Otxotorena enpresaria elkarrekin aritu dira gaia aztertzen. Aktorea igandeko “El Rey” filmaren emanaldira agertzekoa zen, baina astelehenean jakinarazi zuen ez zuela etortzerik izango. Beraz, Venezuelaren gaineko iritzi eta usteak astearteko solasaldian baino ez ditu partekatu. Ondorio batera iritsi dira biak: herria suntsitzea, horixe dela Juan Guiadó eta bere jarraitzaileen helburua. 

Venezuelan azken mendeetan bizitzako diktadura eta oligarkiaren ondoren, Hugo Chavezek irekitako bidea oztopatzeko trikimailuen gainean solastu dira bai enpresaria, bai aktorea. Bi mundu irudikatu dituzte, bata txiroena, eta bestea aberatsena. Jakina, bataren historiak ez du bestearenarekin inolako zerikusirik. Otxotorenaren ustez, Venezuelako baliabide naturalak esplotatzeko AEB Ameriketako Estatu Batuen saiakera berri bat da azken hilabeteetako egoera politiko nahasia. “Berriz ere Venezuela AEBei saldu nahi diete, aberatsek pobreen kontura negozioa egiten jarraitzeko”, salatu du enpresariak.

 

Espainiako enpresek Venezuelarekin izan duten, eta oraindik ere baduten “pagotxa” azaleratu du Toledok. 90.000 boto baino lortu ez zituen alderdi politikoaren alde jartzea, horri leporatu dio aktoreak, Espainiako enpresen negozioak egiteko grinari. Santillana editorearen arrakastaren ondotik, dozenaka multinazionalek Venezuelan eginiko milioiak herriaren aurkako erasotzat jo ditu Toledok , bai eta baliabide naturalen “lapurreta” ere.  “Txinatarrek ere begia Ertamerikan jarrita dute, baina haiek, behintzat, produktuengatik ordaindu egiten dute”, gehitu du.

 

Hala, arazoaren muina AEBen politikei leporatu diete eta haien aliatu kapitalistei. “Espainiako politikariak AEBen txakurrak baino ez dira”, baieztatu dute bi solaskideek. Hala ere, Chavez eta Maduroren gobernuek zer hobetu badutela aitortu dute, baina Venezuelako estatuak txiroen alde borroka egiten duela ziurtatu dute. “20 urtean ezinezkoa da estatua goitik behera aldatu eta hartutako neurri guztiekin asmatzea”, gaineratu du Otxotorenak gaia ixteko.