“El Rey”, igandean Sutegin

Noaua Aldizkaria 2019ko mar. 7a, 23:55
Martxoaren 10ean Sutegin; "El Rey" filmaren proiekzioa.

Juan Carlos Espainiako errege emerituaz dena dakigula uste badugu, oker gabiltza. Argitara eman ez diren pasarteak badira oraindik. Pasarteok aurrez arrakasta handiko antzezlan batean eta orain “El Rey” filmean bildu dituzte Alberto San Juanek, Luis Bermejok eta Willy Toledok. Ikus-entzunezko lan hau martxoaren 10ean 19:00etan proiektatuko dute Sutegin. Egunotan iragarri bezala, aurretik Willy Toledorekin antolatua zegoen mahai ingurua bertan behera geratu da. Sarrerak aurrez salgai izango dituzue 5 eurotan Txirristran eta Aitzagan. Emanaldiaren bezperatan, Toledorekin hitz egin dugu.

“El Rey” filma, erregearen eta monarkiaren erretratu erreal gisa aurkeztu daiteke?
Guillermo Toledo: 
Borboiko Juan Carlos I erregearen errealitatearen zati bat erakusten du. Denbora luzez modu sakabanatuan berari buruz argitaratu dena ikertu dugu antzezlanerako eta filmerako. Informazio aipagarriena eta gutxien zabaldu dena atera dugu. Badira zenbait xehetasun inon zabaldu ez direnak. Benetako gertakarietan oinarrituriko istorioa da. Frogatutako hainbat egoera tratatzen ditu filmak, eta noski, elkarrizketak asmatu egin ditugu. Antzerki politikoa egin izan dugu beti. “El Rey” , estatu espainiarrean egungo egoerara nola heldu garen, galdera horretatik sortzen da. Horretarako ezinbestekotzat jotzen genuen, erantzun gehienak emango zizkigun Trantsiziora jotzea. Azaldu ez ziguten Trantsizioarekin kontu-garbitze modukoa da. 

Juan Karlos Erregearekin batera, aipatu duzun moduan, garaiko beste hainbat pertsona ezagun ageri dira?
Hiru aktore gara. Luis Bermejok erregearena egiten du, Alberto San Juanek eta biok, Trantsizioa deiturikoa gidatu zuten hogeitik gora pertsonaia ainterpretatzen ditugu: Juan Luis Cebrian, Felipe Gonzalez, Antonio Tejero, Juan Carlos erregearen aita Don Juan, Francoren azken bost fusilatuak, Rodolfo Martin Villa… Pertsonaia mordo bat. 

Nola moldatu zarete aldi berean hainbeste pertsona ezagun antzezteko?
Gure lan egiteko modua nahiko soila da. Ez dugu makillaje edo karakterizaziorik erabiltzen, ez ditugu ahotsak imitatzen, antzeko jantziekin moldatzen gara, halakoen beharrik ez dagoela uste baitugu. 

Film honen atzean, Teatro del Barrio dago. Eztabaida publikoari ekarpena egiteko asmoz sortua ezta?
Alberto San Juanek, Natali Pozak eta hirurok Animalario antzerki konpainia sortu genuen, 90. hamarkadaren erdialdean. Ia 20 urtez aritu ginen, 2008an krisialdiaren eraginez itxi behar izan genuen arte. Gerora, Triangulo aretora eraman genuen Animalarioko filosofia. Antzerkia, borroka eta hausnarketa politikorako herraminta gisa baliatzen dugu. Antzerki politikoa programatu asmo dugu. 

Monarkiaz gain, gaurkotasun handiko beste hainbat gai tratatu dituzue.
“B de Barcenas” Barcenasi eginiko epaiketaren ingurukoa, frankismoa, Billy “El Niño”-ri buruzko zerbait prestatzen ari dira… Bizitzea egokitu zaigun garai historikoarekin  konprometitu eta hau arte eszenikoetara eraman nahi dugu.

Pixkanaka hausten ari da isiltasuna? Monarkiari buruz adibidez, argi hitz egiten hasi gaitezke?
Juan Carlos erregeari dagokionez, bidea pixka bat ireki dela uste dut, baina monarkiari buruz ez. Felipe VI-ari buruz aritzea jazartua izateko arrazoia izango da, garai batean Juan Carlosekin gertatzen zen moduan. Nire ustez, bigarren Trantsizio bat bizitzen ari gara. Monarkiarentzat Juan Carlos kaltegarria izaten hasi zen, atzerrian publikatzen hasi ziren informazioekin. Azkenean, abdikatzera derrigortu zuten. Monarkiak tabua izaten segitzen du, estatu espainiarrean oinarrizko zutabea izaten segitzen baitu. Francok berreskuraturiko monarkiak Espainiako frankismoaren jarraikortasun desioak irudikatzen ditu. Frankismo soziologiko eta politikoa bizirik dago oraindik. Juan Carlosi baino heldur handiagoa diot, Feliperi. Ultraeskuindar oso arriskutsua da. 

Betoa pairatu duzu lan munduan. Zein da zure egungo lan egoera?
Azken 8 urteotan ordaindutako film bakarra egitea lortu dut Espainian. Pedro Almodovarrekin, “Los amantes pasajeros” izena zuen. Espainian zuzendari bakarra izango da, nor kontratatu behar duen inork esango ez diona. Fermin Muguruzaren “Black is beltza” filmean eta Truebaren lan batean paper txiki bana izan nuen. Gainerakoan, doako bi filmetan parte hartu dut; “El rey” eta “Historia de Lavapies”. Betoa erabatekoa da. Ekoizle edo zuzendariei askok esaten diete, zuk nahi duzuna kontratu, Willy izan ezik. Betoa ez da soilik hedabide edo sare sozialetan esandakoengatik. Hiru urtez Madrilgo Aktoreen Sindikatuko Ekintza Sindikaleko delegatua izan nintzelako baita. Bi greba orokor egokitu zitzaizkigun, antzoki eta telebistako platoetara joaten nintzen lankideak grebara deitzera. Greba haiek arrakasta handia izan zuten. 

Greba haietan zuen lan baldintzak islatu nahi zenituzten.
Estatu espainiarreko aktore gehienek, beste ogibideetako prekarietate eta esplotazio bera eta langabezia agian handiagoa bizi dugu; 12-15 orduko lan egunekin… Gremio oso zigortua da.

Lan baldintza prekarioen gai honetan, zer funtzio du zentsurak? Zenbateraino adierazi eta sortu daiteke libreki? 
Libreki eta inpunitate osoz adierazi zaitezke, adierazten duzunaren arabera. Feminismoaren edota LGBT pertsonen aurka adieraziz gero, ez zaizu ezer gertatuko. Aldiz, monarkia, ustelkeria, kapitalismoa, Israel, AEB, politikariak, Eliza… aipatuz gero bai. Botere faktikoei buruz hitz egiteko adierazpen askatasunik ez dago estatu honetan. Babestuak eta blindatuak daude. Begira, sortzaile hainbat espetxeetan sartzen edo Espainiatik irteten ikusten ari gara.

Fermin Muguruzaren “Black is beltza” lanean parte hartu zenuen. Zentsuraren aurkako oihu bezala definitu izan duzu?
Autozentsura da bereziki borrokatu beharrekoa. Teatro del Barrion eta “El Rey” filmarekin atzerapausorik ematea ez dugu onartzen, beraiek erreakzionatu dezatela erreakzionatu behar duten moduan. Bestela garaituko gaituzte.

Jazarpen ideologikoa sufritzen ari zarela salatu duzu sarritan. 
10 urteetako jazarpen mediatikoaren ostean, uste dut sinestu ezinik dabiltzala nola mantentzen naizen oraindik zutik. Horrek amorru gehiago eragiten die eta gogortasun gehiagoz jarduten dute. Baina hemen naute, zutik. Ahoa ixteko hobi komun batean sartu beharko naute. 

Hedabideek eraiki duten zure iruditik urrun da kalea ezta? Babesik ez zaizu falta.
Ez zaie interesatzen gizaki bat erakustea. Guztiaren erruduna den norbait erakustea interesatzen zaie. Kapitalismoaren parte diren hedabideen eginkizunetako bat, planeta honetan bakarrik gaudela sentiaraztea da. Helarazten duten mezua honakoa da; Willy bakarrik dago, eroa dago. Inork ez du babesten. Aldiz, kalean zerbait esaten didatenean, besarkadak eta animoak jasotzeko izaten da. Noski, Euskal Herria etxeko egongelatik paseatzea bezala da, jendearen maitasuna sentitzen dut. Zoragarria da, nire hirian ez bainaiz hala sentitzen. Jendearengandik hau jaso izan ez banu, duela 10 urte amore emango nuen. Baina aurrera segitzen dut, bakarrik ez nagoelako eta jendeak hala jakinarazten didalako. Ezkertiarron artean beti, elkartasun eta enpatiaz elikatzen gara. Bestela pikutara goaz.

Martxoaren 10erako gonbita luza ezazu.
Etor daitezela, filma asko interesatuko zaie. Hedatu ez den informazio asko dago. Bertsio ofizial manipulatuari, bertsio alternatibo bat eskaintzen saiatzen gara.   

Pil-pilean diren gaiei buruz…
Venezuela
AEB muturreko krisialdian da. Halakoetan bilatzen duten irtenbide bakarra gerra batean sartzea izaten da, Maduro guztiaren errudun gisa erabili eta armen industria indartzeko. Krisi kapitalistaren krisialdia, berdin inbasio inperialista. Dena ematera joango direla uste dut. Errusiak eta Txinak geldiarazi ditzakete militarki. Hori gertatzen bada, badakigu gero zer datorren, mundu mailako gerra. Ez dut uste inor atzerapausorik emateko prest dagoenik. 

Vox-en agerpena. 
Ez gaitezen izutu. Santiago Abascal duela gutxira arte PP-koa izan da. PP Santiago Abascal da eta alderantziz. Frankista faxistez josia dago. Betikoak dira. Klase altuetan muturra sartu dute, langileen mugimenduan infiltra ez daitezen lan egin behar da orain.

Mugimendu feministaren iraultza eta M8.
Mundu mailako abangoardia dira, kapitalismoaren zutabe oinarrizkoena, patriarkatua kolokan jarri dute. Patriarkatuan oso gustura sentitu diren gizon asko, emakumeen eskubideen aurrerapenaren aurka modu basatian erreakzionatzen ari dira orain, misoginiaz beteak. 

Migranteak.
Trumpen horma baino okerragoa dugu hemen. Guardia Zibila Marokotik Melillara igerian zihoazen pertsona talde bat erasotzen ikusi dugu. Denak absolbituak, kategoriaz igoak. Migrazio politiketan ez dugu Trump kritikatzeko inolako legitimotasunik, bera bezain faxistak baikara.