Ingemarreko langileek laugarren eguna dute greba mugagabean

Noaua Aldizkaria 2019ko mar. 15a, 12:26

Enpresak 31 langile kaleratzeko aurkezturiko kontratu amaierako EEE-aren (Enplegua Erregulatzeko Espedientea) aurka, asteartean abiatu zuten greba mugagabeko laugarren eguna dute gaur Ingemarreko langileek. Lanpostu gehiago suntsitu ez eta Ingemar ez ixteko borroka betean dira berriz.

Astetartea, lan eguna eta langileak lantegi atarian. Hala daramatzate jada lau egun Ingemarreko langileek. Lantegi atarian duten etxetxoan. Bost orduko bi txandatan antolatzen dira. Hamar ordu egiten dituzte bertan, 8:00-18:00 artean. 

Ostiral goiz honetan lantegiti ataritik Donostiara jo dute, bizi duten egoera hedabideen aurrean salatzera. 31 langileei kontratu amaierako EEE (Enplegua Erregulatzeko Espedientea) aurkeztu diete. Eskariak argiak dira, azken hamarkada luzean egin duten moduan, ez dute enplegu suntsiketa gehiago onartuko ezta enpresa ixtea ere. 

Azken lan gatazka, 2017an
2009an hasi zuten lanpostuen alde eta Usurbilgo lantegia irekia mantentzeko borroka. Bide luze eta gogorra jorratu dute ordutik Ingemarreko langileek. Hamarkada luze bateko borroka Ingemar ez ixteko. 2017an izan genuen azkenekoz langileon berri. Urte hartan, Ingemar Taldeko zuzendaritzak Usurbilgo plantako lan talde osoarentzat, hau da 72 langilerentzat kontratu amaierako EEE (Enplegua Erregulatzeko Espedientea) aurkeztu zuen ekainaren 2an Lugon (Galiza). Arbitrarioa zela salatu zuten. Urte hasieratik hartzekodunen lehiaketan zeuden Usurbilgo lantegia, baita Ingemarga eta Corporacion Ingemar. 

Urte hartako irailean akordioa erdietsi zuten. Enpresako zuzendaritzak Usurbilgo lantegia ez ixtea lortu zuten, nahiz lanpostu kopurua erdira, 34ra jaitsi zuten. "Akordioaren arabera plantillako erdiari baja pizgarridunak, ez-traumatikoak, emango zaizkio (30 egun lan egindako urte bakoitzeko), eta pertsonaleko gainerakoentzat, lan-baldintzak aldatu gabe, industria-proiektu bat geratuko da, makinerian eta produktuan egin beharreko inbertsioak zehazturik utzita", berri eman zuen orduan ELA sindikatuak. 

Akordioak bi helburu zituen aipatu sindikatuaren esanetan, "industria-proiektu bat finkatzea eta kaleratze traumatikorik ez gertatzea". Urrats berri hau eman den arren, hemen ez da amaitzen orain arte bideratu duten borroka. "Usurbilen enplegu gehiago sortzeko industria-proiektu baten aldeko borroka ez da bukatu", ohartarazi zuten ELA-tik.