Usurbil 0.0 egitasmoaren jarraipen saioa martxoaren 27an

Noaua Aldizkaria 2019ko mar. 16a, 10:14

Etorkizuneko hondakinen kudeaketa eredu integralerantz aurrerapausoak emateko Usurbilek duen bide-orria, Usurbil 0.0 egitasmoaren jarraipena egiteko tarteka egiten den bilera deitu du Udalak martxoaren 27rako (asteazkena), arratsaldeko 18:00etan Potxoenean.

Ordubeteko saioan zehar, azken hilabeteetan egin den lanketa plazaratzea litzateke asmoa, eta aurrera begirakoen inguruan hausnartzea, Usurbilgo Udaleko ingurumen sailetik berri eman dutenez.

Eredu propiorantz
Usurbil 0.0 egitasmoa 2016ko abenduan aurkeztu zuen Udalak jendaurrean. "0.0 ereduaren bitartez, urrats bat gehiago eman nahi da. Erabili eta bota oinarri duen ekonomia lineal batetik, hondakinak lehengai bihurtzen diren ekonomia zirkular baterantz iristea da helburua", zioen Udalak. Egitasmoak herrian sortutako hondakinak herrian bertan tratatu eta berrerabiltzeko bidean sakontzeko dauden aukeren gaineko azterketa jasotzen zuen.

Hondakinen kudeaketa eredu propio bat garatzea planteatzen dute. Eredu ere izan nahi duena Gipuzkoako beste udalerrientzat. Egitasmoak bat egiten du guztiz zero zabor filosofiarekin. Baina zero horrek zero gehiago izatea nahi dute beste eremuetan. Hortik, bide-orriari jarri zioten izena; "Usurbil 0.0".

Hondakinen kudeaketa eredu integralerako bide-orria

"Usurbil 0.0", bide-orria
Parte hartu zuten agenteak:
-Ramon Plana Gonzalez-Sierra: biologian doktorea eta hondakin organikoen tratamenduetan aditua.
-Ignasi Puig Ventosa: "Ent" ingurumen aholkularitzako proiektuen koordinatzailea.
-Joan Marc Simon: Zero Waste Europe erakundeko zuzendaria.
-Gorka Bueno/Ainhoa Iraola/Dani Zuazagoitia: EHU-ko Ingenieritza Eskolako ordezkariak. 

Programa honek lorgarritzat dituen "Zeroak":
-0 hondakin birziklagarri gaika bildu gabe: "Ez dadila birziklagarria den ezer ondo jaso gabe gelditu".
-0 hondakin birziklagarri aprobetxatu gabe: "Ez dadila xahutu materialki birziklagarria den ezer".
-0 hondakin biodegradagarri zabortegian.
-0 hondakin desmaterializatu edo erraustu.
-0 hondakin ekonomia zirkularretik at.
-0 defizit zerbitzuan. 

Ikuskera horren oinarrizko ezaugarriak:
-Herritarrak ahalduntzea.
-Eginkizun eta arduraren dimentsio kolektiboa indartzea.
-Ingurumena eta osasuna lehenestea.
-Azpiegitura makro eta erraldoien ordez, azpiegitura doitu eta eskalagarriak sortzea: "Tokiko konponbideak arazo globalei". 

2023rako helburuak
-Usurbilgo hiri hondakinen sorrera %10 murriztea.
-Usurbilen sorturiko biohondakina herrian konpostatu eta erabiltzea (700 tona biohondakin inguru).
-Hiri hondakinen %90a gaika biltzea.
-Zabortegian isurtzen diren hondakinak inerteak eta gehienez ere %5 material biodegradagarri izatea.
-Hiri hondakinen bilketa eta tratamendu zerbitzuaren defizita 0 izatea.