%85eko gaikako bilketa du Usurbilek

Noaua Aldizkaria 2019ko mar. 16a, 12:07

Atez ateko bilketak 10 urte bete dituen honetan, Usurbilen %85ean dago gaikako bilketa, San Marko Mankomunitateko eta Gipuzkoako ehunekoen gainetik nabarmen. 

Hamaika zenbakiek irudika dezakete hondakinen kudeaketan Usurbilek 10 urteotan eman duen jauzi nabarmena. Horietako zifra batzuk batu ditugu ondoko lerrootan.

%47 San Markon, %53 Gipuzkoan, %85 Usurbilen
Usurbilen gaikako bilketa, 2018an %85ean zegoen. Baina denboran atera egin dezagun. %30ekoa zen Usurbilen duela 10 urte, edukontzien sistemarekin. Atez ateko bilketa martxan jarri eta beherala egin zuen gorantz, 2009an bertan %71raino, 2010ean %80raino, %81eraino 2011n, 2012tik aurrera %83an kokatu zen, 2015ean %84an eta 2017tik %85ean gara. San Marko Mankomunitateko bataz besteko datuak ia bikoiztera heldu da Usurbil. 2008an, edukiontzien sistema genuenean, gaikako bilketa %30ekoa zen Usurbilen, %28koa San Markon eta %32koa Gipuzkoan. 10 urte beranduago, 2018an, %47an da gaikako bilketa San Markon, %53an Gipuzkoan eta %85ean Usurbilen!

Usurbilgo datuetara itzulita, hiri hondakinen bilketari lotutako zifra gehiago. 2008an 2.870 tona hondakin bildu ziren urte osoan, 2018an 3.185. 2010ean 3.504 tonara heldu ostean, murrizten doa bildutako hiri hondakinen kopurua. Datu bera, kiloko, biztanleko eta urteko aztertuz gero, 500 kiloren bueltan mantenten da Usurbil.

Hondakinen bilketa zatika aztertuta berriz, errefusean izan ezik eta 2009an atez ateko bilketa martxan jarri ostean, nabaria da hondakinen bilketa kopuruan hamarkada honen hasieran izan zen gorakada. Gerora ordea, bildutako hondakinen kopuruak beherantz egin du pixkanaka. paper eta kartoiaren billketa 449 tonatik 438ra murriztu da, biohondakina 911tik 835era, beira 255etik 228ra... 

Errefusak beheranzko joera argia erakutsi du. 653 tona 2011n, 486 2018an. Sektoreka; etxekoa 138tik 87ra murriztu da, industrietakoa 361etik 281era, kale garbiketakoa 155etik 118ra. Sortzez besteko ordainketa ezarri izanak zerikusia izan du Udalaren esanetan.

Kantitateaz gain, kalitatea aipatu behar; Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren eskutik Udalak jasotako datua. 2018an, bildutako biohondakinen inpropioen maila %1,23koa izan da. %5eko inpropio maila gaindituz gero, errefusatzat jotzen da. Hortxe beraz, bildutakoak duen kalitatea.

Defizit 0 izatea, erronken artean
Atez ateko bilketa iraganeko edukiontzien sistema baino dezente defizitarioagoa izango zela zalantza bazen, ondoko datuok bestelakorik erakusten dute. Hondakinen kudeaketa gastuen baitan, bilketa zerbitzua, tratamendua eta kudeaketa gastuak daude. Diru sarreren aldean, hondakinen bilketa tasa edota hondakin zati ezberdinen salmentatik jasotako dirua. 

202.000 euroko defizita zuen 2008an, atez ateko bilketa martxan jarri aurreko urtean Usurbilek. 2018an 232.000 eurokoa. 2012an, 136.000 euroraino murriztu zen. "10 urteotan %30eko gaikako bilketa izatetik %85era izatera pasatu gara, eta 20.000 euro baino ez da garestitu zerbitzua", adierazi dio Usurbilgo Udaleko ingurumen saileko teknikari Ibon Goikoetxeak Udalberri aldizkariari.  Halere, dioenez, "gure helburua defizit 0 izaten jarraitzen du". 

Kostuak murriztu diren datuak badira. Udalberri aldizkariaren martxoko zenbakiak eman ditu argitara. "2018an errefusaren zati bat intertetzat jo eta inerteen zabortegira eramaten da, ohiko zabortegietara eraman ordez. Horrek taratamendu-kostuak murriztea ekarri du; tona bakoitzeko 173 euro ordaindu beharrean, 95 euro ordaintzen dira. Horrek guztiak eragina izan du kostu orokorrean". 


 
Gaikako bilketaren bilakaera Usurbilen, San Marko Mankomunitatean eta Gipuzkoan


Iturria eta grafikoak: Usurbilgo Udala.