Udal hauteskundeetarako hautes-zerrenda aurkeztu eta berresteko EHBilduren bilera 18:30etan Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2019ko mar. 22a, 06:21

Martxoaren 22rako 18:30etan Potxoenean deitu duen herri batzarrean, maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako hautes-zerrenda aurkeztu eta berretsi asmo du Usurbilgo EHBilduk.

Apirilaren 28ko eta maiatzaren 26ko hauteskundeetarako prestaketa betean dira alderdiak. Usurbilgo EH- Bilduk bi hilabete barru ospatuko diren udal hauteskundeetarako hautes-zerrenda aurkeztu eta berresteko herri batzarra deitu du ostiralerako (martxoak 22) arratsaldeko 18:30etan Potxoenean. “Bide batez, kanpainako gure proiektu izarren berri ere emango dugu”, iragarri dute koaliziotik.

Agurtzane Solaberrieta Mesa, zerrendaburua
Gaurkoz, EHBilduko zerrendaburua, koalizioko alkategaia izango dena ezagutzen dugu; Agurtzane Solaberrieta Mesa. Otsailaren 9an eman zuten ezagutzera, koalizioak Potxoenean egin zuen batzarraren amaieran. Kazetari gisa lan egin du Berrian eta NOAUA!n. Egun, Usurbilgo Udaleko komunikazio arduraduna da. Hamaika herri ekimen eta mugimenduetan parte harturikoa da Solaberrieta; EHE, NOAUA! K.E., ezker independentismoa, Gure Esku Dago... 

"Elkarrekin burujabe" aldarriaren bueltan aurkeztu zuen 2019-23 legealdiko "azala eta mamia". Burujabetza agenda politikoaren erdigunean kokatu zuen, herri eta pertsona bezala ahalduntzeko tresnatzat jo zuen. Hiru arreta gune nagusi eta ehunetik gora proposamen ditu EHBilduren herri programak hurrengo legealdirako: herri-nortasuna, herri-eredu jasangarria eta ongizartea.

Eskuartean duten proiektuaren erdigunean, "bizitzak, pertsonak, usurbildarrak daude, eta horren bueltan eraiki nahi dugu gure herri-proiektua”. 

Mertxe Aizpurua, Madrilgo Diputatuen Kongresurako
Maiatzaren 26ko udal, foru eta Europako hauteskundeen aurretik, Espainiako Gorteak berritzeko hauteskundeak ospatuko dira apirilaren 28an. EHBilduk Gipuzkoako zerrendaburu gisa aurkeztu du Madrilgo Diputatuen Kongresurako, Mertxe Aizpurua Arzallus Usurbilgo alkate ohia. 

2011-15 legealdian Usurbilgo alkatea izan zen, Udalbiltzako lehendakaria baita garai berean. Legealdi hura amaituta, ogibide duen kazetaritzara bueltatu zen, Gara egunkariko erredakziora. 1999-2004 urte artean aipatu egunkariko zuzendaria izandakoak politika mundura jauzi egingo du berriz.