Altsasuko gazteen aldeko manifestaziora autobus zerbitzua igandean Usurbildik

Noaua Aldizkaria 2019ko mar. 23a, 10:01

Altsasuko gazteen aurka berriki Espainiako Auzitegi Nazionalak berretsi dituen espetxe zigorren aurrean, "Ez da justizia" aldarripean manifestazioa deitu du Altsasukoak Aske herri plataformak iganderako (martxoak 24). 12:00etan abiatuko da Iruñea etorbidetik. Hara joateko autobus zerbitzua antolatu du Usurbilgo Ernaik.

"Epaileak berriz ere Altsasuko gazteen aurkako zigorrak berretsi ditu irregulartasunez betetako epaiketan. Honen aurrean, martxoaren 24an, igandean, egingo den manifestazioan parte hartzeko deia luzatzen dizuegu. 10:30etan irtengo da autobusa Usurbildik", berri eman du Usurbilgo Ernaik sare sozialen bidez. Autobusean izen emateko zerrenda Aitzagan duzue.

Bulkada Eguna
Apirilaren 19tik 22ra Lemoan ospatuko den Gazte Topagunera begira Bulkada Eguna antolatu du Usurbilgo Ernaik astebete barru, martxoaren 30erako. Lehenbizi Intxortara irteera programatu du, eta iluntzerako aipatu Gazte Topagunearen inguruko aurkezpena antolatu dute Sutegin.

Usurbilgo Bulkada Eguna hain zuzen, "Askatasun bulkadak independentziara!" aldarripean apirilaren 19tik 22ra Lemoan ospatuko den Gazte Topagunera begira antolatu du Usurbilgo Ernaik. Gazte Topagunea hain zuzen Ernaik eta Aitzina gazte antolakundeek prestatu dute. "Milaka gazte elkartuko gara gazte independentista borroka eta jaia uztartzeko asmoz". Bertara joateko hiru egunetarako bonoak Aitzagan dituzue salgai 70 eurotan.

Ekitaldi eskaintza zabala iragarri dute topagune egunetarako. Besteak beste kontzertuak eta musika taldeen artean, Usurbilgo talde bat izango da bertan; Rukula. Honela aurkeztu dute antolatzaileek herriko taldea. "Musikalki, rock instrumentala oinarri duen doinu koktelara dantzagarri eta eroa da Rukula taldea. 2014 urtean sortuak, bi disko argitaratu dituzte denbora tarte honetan, azkena, 2018 urteko “Hazi Beltzak” izeneko lana. Bigarren emaitza Andoaingo Garate Studioetan grabatua izan da Martxel Arkarazo soinu teknikari eta taldekidearen aginduetara. Bertan, etiketa bakarrean sailka ezineko zortzi kantu barneratu dira. Zuzeneko indartsua duen banda da honakoa".

Informazio gehiago: gaztetopagunea.eus

GAZTE TOPAGUNEARI BEGIRAKO BULKADA EGUNA
Martxoak 30, larunbata
09:00
 Intxortara (Elgeta) irteera, Bordatxo paretik. Memoria historikoaren errekreazioa eta hamaiketakoa. Izen ematea: aurrez Aitzagan, 10 euro.
19:00 Gazte Topagunearen aurkezpena Sutegin: esperientziak, bizipenak, musika, bideoak...
Oharra: Lemoako apirilak 19-22 arteko Gazte Topagunerako bonoak 70 eurotan daude Aitzagan salgai.

Antolatzailea: Usurbilgo Ernai.