Presoen inguruko ekimen astea antolatu du Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak

Noaua Aldizkaria 2019ko mar. 21a, 09:32

Euskal presoak etxera ekartzeko aldarriak, hileroko mobilizazioaz gain hitzordu gehiago dakartza oraingoan. Euskal presoen eskubideen inguruko ekimen astea antolatu du Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak martxoaren 28tik 31ra.

Espetxe zigorraren hiru laurdenak beteta, jada kalean behar zuten arren, oraindik orain gugandik 600 kilometrora, Valentziako Picassent espetxean preso diren Olatz Lasagabaster, Patxi Uranga eta haien haur Xua Usurbila itzultzeko, etxera ekartzea galdegiteko elkarretaratzea izango da hilaren 29an, eta horren ostean, haiei euskal prentsa helarazteko harpidetza afaria Aitzaga elkartean. Txartelak herriko tabernan bertan eskuratu ahalko dituzue, aldez aurretik.

Gogoan izan, urtebete barru, 2020ko urtarrilean Xuak hiru urte bete beharko ditu. Espetxetik irten eta gurasoengandik urrundu beharko du. Patxik eta Olatzek 2021erako dute irteera data.

Presoak eta sorkuntza
Jokin Urainek presoen senideen lekukotzekin osaturiko “Amaren etxea” liburua aurkeztuko dute ekimen aste honen baitan.

Sorkuntza eta presoak lotuko ditu Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak antolaturiko ziklo honek. Batetik, martxoaren 30ean sorkuntza eta presoak hizpide dituen solasaldia antolatu dute, besteak beste, Xabier Aranburu “Xomorro” Aginagako preso ohiarekin. Eta lau egunez Sutegin, kontzientziak astindu eta gogoetatzeko Aitzol Iriondo eta Itziar Moreno Frantziako espetxeetan sakabanatuak dituzten euskal presoen sortze lanak ikusgai izango dituzue.

Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik azpimarratzen dutenez, “ez diote inoiz utzi munduari so egiteari, interpretatzeari, eraldatu nahi izateari. Horretarako, besteak beste, sorkuntzari heldu diote, diziplina ugarietatik”. 

Sorkuntza espetxe barruko biziraupenerako bitarteko bilakatzen dela nabarmentzen dute erakusketaren antolatzaileek. “Izan ere, sortzea bizirik irauteko bitartekoa da kartzelan. Ziegaren helburua da presoa bere ingurunetik bakartzea, eta, sorkuntzaren bitartez, bakartze hori hautsi, eta espetxetik kanpokoarekin harremanetan jarri nahi izan dute. Eremu gris horri kolorea ematen saiatu. Erakusketa honetan, gainera, gaurkotasun handiko gaiei erreparatu diete; migrazioari, emakumearen sexualitateari, zapalkuntza sexistari edota transexualitateari”.


PRESOEN INGURUKO EKIMEN ASTEA
Martxoak 28, osteguna

19:00 "Amaren etxea" liburu aurkezpena Sutegiko erakustaretoan.
Zehaztasunak: Jokin Urainek presoen familien lekukotasunekin egindako liburuaren aurkezpena, Fermin Munarrizen eskutik.

Martxoak 29, ostirala
20:00 Euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.
21:00 Herriko presoei euskal prentsa helarazteko harpidetza afaria Aitzagan. Menua: entsalada, oilaskoa piperradarekin, sagar tarta, edariak eta kafea. Txartelak Aitzaga tabernan salgai 20 eurotan (langabeek 14 eurotan).

Martxoak 30, larunbata
19:00 Solasaldia: "Presoak eta sorkuntza" Sutegiko erakustaretoan.
Partaideak: Oier Gonzalez Ateramiñeko kidea eta Xabier Aranburu ‘Xomorro’ preso ohia.

Martxoak 28-31, ostegunetik igandera
Erakusketa: Aitzol Iriondo eta Itziar Moreno euskal presoen artelanak
Epea: martxoak 28-31.
Ordutegia: 18:30-20:00 eta igandean, 12:00-13:30.
Tokia: Sutegiko erakustaretoa.
Zehaztasunak: "Biak ala biak Frantziako espetxeetan sakabanaturik dituzten arren, ez diote inoiz utzi munduari so egiteari, mundua interpretatzeari, mundua eraldatu nahi izateari. Horretarako, besteak beste, sorkuntzari heldu diote, diziplina ugarietatik heldu ere. Izan ere, sortzea bizirik irauteko bitartekoa da kartzelan. Ziegaren helburua da presoa bere ingurunetik bakartzea, eta, sorkuntzaren bitartez, bakartze hori hautsi, eta espetxetik kanpokoarekin harremanetan jarri nahi izan dute. Eremu gris horri kolorea ematen saiatu. Erakusketa honetan, gainera, bai Aitzolek bai Itziarrek gaurkotasun handiko gaiei erreparatu diete, hala nola migrazioari, emakumearen sexualitateari, zapalkuntza sexistari edota transexualitateari. Euren artelanek mezu argia helarazten dute, kontzientziak astintzeko eta gogoetatzeko". 

Antolatzailea: Usurbilen Nahi Ditugu eta Aitzolen lagunak.