Felix Sarasolari lagun arteko agurra, martxoaren 31n

Noaua Aldizkaria 2019ko mar. 21a, 09:55

Urte amaieran zendu zen usurbildarrari herri omenaldia egingo zaio martxoaren 31n. Senide eta lagun talde bat hitzordua prestatzeko antolaketa lan betean da.

Urte amaieran zendu zen usurbildarrari merezitako agurra eman nahi diote lagun eta senideek, martxoaren 31rako prestatu dioten omenaldian. Lagun mordoa utzi du eta Felixek itsasoz alde bietan; bai Usurbil eta Lasarte aldean, Euskal Herrian baita Kuban ere. Lagun talde jendetsu eta zabal honetako ordezkaritza bat bildu da asteotan Potxoenean, Sarasolari omenaldia prestatzeko.

Lagunak, senideak, Kuban Felixekin bizi izandako jendea... Kuban egin zioten omenaldia duela hilabete batzuk, hemen ere egin nahi ziotenen taldetxoa osatu da bistan denez. Argi zuten omenaldia ospatzeko lekuak Usurbil behar zuela izan, Felixen sorterria alegia. “Oso maitea zuen Usurbil, eta hala behar zuela ikusi genuen hasieratik”.

Eta solemnitatetik urrundu behar zutela, Sarasola beti festa, musika eta otorduen inguruan mugitu zelako.

Lagun mordoa batuko ditu omenaldian
Hortik sortu zen, bere lagunek prestatu dioten emanaldia Hitzordua martxoaren 31n, eguerdiko 12:00etan frontoian. Bi zati izango ditu ekitaldiak. Lehenik, denetariko osagaiak eta Felixen lagun mordoa batuko duen emanaldia. Musikaz eta kantuz blaitua egongo dena.

Aurpegi ezagun ugari espero dira ekitaldian. Musika mundutik Joseba Tapia, Olatz Korta, Duo Jade bikote kubatarra, Usurbilgo Kantu Taldea... Felixek Txitxardin Beltza jatetxea izan zuen garaiari lotutako lagun bat baino gehiago, baita Porrotx ere, eta Argiako kideak. Lasarteko jatetxean ospatu baitziren Argia Sarien edizio bat baino gehiago. Baba beltz txiki kofradiaren sortzaileetako bat izanik, kofradekideek hartuko dute parte baita hitzorduan.

Eskuzabala eta laguntzeko prest beti
Ikusten duzuenez jende mordoa espero da ekitaldian, herrikoak eta kanpokoak. Lagun zerrenda amaigabea baitzuen Felixek, bai Euskal Herrian zein Kuban. Omenaldiko antolatzaileen esanetan, horrek erakusten du Felix nolakoa zen.

Nolakoa zen galdetuta, bere eskuzabaltasuna nabarmendu digute omenaldiko antolatzaile taldetik. “Joan den lekuetara beti bere alea aportatu izan du, ez bakarrik beretzat, baizik komunitatearentzat, herriarentzat”.

Kubako bere etxeko ateak zabalik izaten zituen joaten zen edonorentzat. “Kuban bazuen euskal familia potente bat”. Euskaldunen jaietako eragile nabarmena zen Felix. Baina oro har, beti “edozein ekintzatan laguntzeko prest, otorduak prestatzeko... Beti izan da oso aktiboa”.

Lagunen prestasuna, erabatekoa
Esanguratsutzat jotzen dute omenaldiko antolatzaileek, ekitaldirako “edozer eskatu diogun edonor prestatu dela laguntzeko”.

Omenaldiko antolatzaileek ekitaldian parte hartzera animatzen gaituzte, maitasun eta festa giroko lagun arteko agur bat izango dela aurreratu diote NOAUA!ri, “berak bizitza bizi zuen moduan, festa girotik”.

Lagun arteko omenaldia
Eguna: martxoak 31, igandea.
Ordua: 12:00.
Tokia: Usurbilgo frontoia.
Zehaztasunak: Felix Sarasolaren lagunek prestaturiko emanaldia eta hamaiketakoa.
Oharra: Felix Sarasolaren omenaldia prestatzeko azken bilera martxoaren 26an 18:00etan Potxoenean.

Antolatzaileak: Felix Sarasolaren lagun taldea.