"Gure oroitzapenak" film proiekzioa, Felix Sarasolaren omenaldi eguna borobiltzeko

Noaua Aldizkaria 2019ko mar. 21a, 09:50

Felix Sarasolari egingo zaion omenaldi egunean, “Gure oroitzapenak” film proiekzioa antolatu du NOAUA! Kultur Elkarteak 18:30etan hasita Sutegiko auditorioan. Felix Sarasolaren lagunetako baten, Joseba Sarrionandiaren inguruko ikus-entzunezkoa dugu honako hau.

“Sarri iruditan agertzea du helburu” filmak. Euskal Herriko nahiz atzerriko 12 zinemagilerekin piezek osatzen dute “Gure oroitzapenak” proiektua. Egitasmoan parte hartu duten zinemagileen artean dira, Asier Altuna, Mireia Gabilondo, Josu Martinez, Fermin Muguruza, Maialen Sarasua, Maider Oleaga... Guztira berrehun bat laguneko auzolanaren emaitza da film hau.

“Proiektuan parte hartzen dute zinegile guztiek badute harremanik poetarekin, dela pertsonala eta afektuzkoa, dela literarioa, dela miresmena...”. Informazio gehiago: gureoroitzapenak. adabaki.eus

Felix Sarasolaren omenaldi egunez
Eguna:
martxoak 31, igandea.
Ordua: 18:30.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Sinopsia: "‘Gure oroitzapenak’, Joseba Sarrionandiaren obran oinarritutako film kolektiboa da. Sarrionandia luzaro irudirik gabeko poeta izan da. Izoztuta balego bezala, hogeita hamar urtez zuri beltzeko argazki bat izan da euskaldunontzat. Argazki bat eta bakarra. Irudirik eza. Ausentzia. Sarri iruditan agertzea du helburu ‘Gure oroitzapenak’ filmak. Eta nola egiten da hori? Bada, gure ustez, ez da egiten argazki zuri-beltzezko harekin. Edo 2016ko amaieran hainbat hedabidetan agertutakoaz. Poeta ez da ezer, bere obra ez bada. Eta horregatik, Sarri iruditan jartzeko gure modua, bere poemak edo ipuinak zinemara ekartzea izango da.

Horren asmoz, Euskal Herriko eta beste zenbait herrialdetako hamabi zinemagileren pieza banak osatzen dute proiektu hau. Proiektuan parte hartzen duten zinegile guztiek badute harremanik poetarekin, dela pertsonala eta afektuzkoa, dela literarioa, dela miresmena…

Baina, gainera, auzolana ere bada non, honetan edo hartan, berrehun lagun baino gehiago aritu baitira. Haiei guztiei, milesker bihotzez".

Sarrerak: 6 euro (aldez aurretik Lizardin eta NOAUA! K.E.-ren egoitzan). Bazkideek 4 euro, NOAUA! K.E.-ren egoitzan aldez aurretik.
Antolatzailea: NOAUA! K.E.