Udalak auzoetan jarritako desfibrilagailuak erabiltzen ikasteko saioak herritarrentzat, hurrengo astean

Noaua Aldizkaria 2019ko mar. 21a, 08:25

Bihotz-birika geldialdia edonori gerta dakioke, eta bizia arriskuan jarri. Horregatik ezinbestekoa da, halako egoera larriei ahalik eta azkarren aurre egiteko prest egotea. Nola jokatu, zer egin jakitea. Orain arte Harane fubol zelaian eta Oiardo Kiroldegian zeudenekin batera, Usurbilgo Udalak lau desfibrilagailu jarri ditu Kaxkoan eta auzo ezberdinetako udal eraikin edo toki publikoetan. Gailuok gutako edonork nola erabili jakiteko ikastaroak antolatu ditu hurrengo asterako, gailuok dauden lekuetan.

DYA-k eskainiko ditu, herritar orori zuzenduak egongo diren saioak. Bertako bolondres Mikel Artola Baldarekin bildu da NOAUA!.

NOAUA! Nondik dator ikastarook antolatzeko ideia?
Mikel Artola Balda: 
Guk beti nahi izan dugu, sanitarioa ez den jendeak bihotz eta birika susperketaren inguruan gehiago jakitea eta desfibrilagailuak jartzea, hartara, eskaini daitekeen laguntza handitu eta egon daitezkeen kalteak gutxitzeko. Desfilibragailuak dauden guneetan egoera larriotatik bizirik ateratzeko aukera handiagoa dago.

Edozein lekutan gerta baitaiteke halako egoera bat.
Zoritxarrez, edozein lekutan edozein pertsonari. Okerragoa dena, zure ondoko bati gerta dakioke, eta zuk zer egin ez dakizula geratu. Antolatu ditugun ikastaroen bidez, halako egoerak benetan gerta daitezkeela jendea ohartarazi eta gertatzen direnean zer egin irakatsi nahi dugu.

Sarritan erabiliko dituzuen desfibrilagailu baten funtzioa zein da?
Gure bihotza elektrizitatez doa. Elektrizitate hori guztiz geratu edo erritmo oso irregular batean funtzionatu dezake. Desfibrilagailuak funtzio elektriko hori egiten du deskargen bidez eta masajeekin batera bihotzaren erritmoa berreskuratzen, normaltzen laguntzen du.

Desfibrilagailuak eskuragarri jarri dira auzoetan, gertutasun hori bermatu nahi delako ezta?
Usurbil herri txikia izan arren, auzo sakabanatuak baititu. Bihotz-biriken gelditze bat gertatzean zu bakarrik baldin bazaude, desfibrilagailu bat gertu izanda askoz laguntza handiagoa izango duzu. Sanitarioa etortzean ere zuk jakitea non dagoen lagungarria izango da, zuk pertsona hori artatzeko konfiantza izan ez arren. Horregatik, ikastaroak leku ezberdinetan egiten saiatu nahi dugu.

Desfibrilagailuak jarri diren lekuetan izango dira ikastaroak.
Bai. Animatzen den orori bi ordutan, modu azkar, sinple eta praktikoenean, euskaraz, baina bere osotasunean halako egoeretan zer egin irakasten saiatuko gara. Batez ere beldurra kentzeko. Normala da beldurra sentitzea eta blokeatua geratzea, baina ikastarookin gutxienez zerbait egiten jakiten ikastea nahi dugu. Bestela, gu beldurrez, geldirik, ezer egin gabe eta pertsona hori hor geratuko da. Horregatik, desfibrilagailuak jarrita eta ikastaro hauekin, pertsonen bizitzak salbatzen lagundu dezakegu.


Udaltzainek desfibrilagailu eramangarria
Desfibrilagailuak erabiltzen ikasi eta bihotz-biriken geldialdia ematen den kasuetan, susperketa tekniketan trebatzeko saio irekiak antolatu ditu Usurbilgo Udalak herritarrentzat hurrengo astean, gailuok dauden lekuetan. Segidan duzue aipatu saio hauen egutegia. DYA-ko bolondresek eskainiko dituzte. Horrez gain, udaltzain eta udal langileek ere formazio berezia jasoko dute. Udaltzainek hain zuzen, larrialdi kasuetarako desfibrilagailu eramangarria izango dutela berri eman du Udalak.


IKASTAROAK DATORREN ASTEAN
Zehaztasunak: bihotz-biriken geldialdien kasuan, Udalak herrian zehar jarri dituen desfibrilagailuak erabiltzen ikasteko saioak eskainiko dituzte DYA-ko bolondresek martxoaren 25etik 29ra. Saio praktiko eta irekiak herritar ororentzat, desfibrilagailuak jarri dituzten guneetan.

Ikastaroen egutegia
-Martxoak 25, 18:30-20:30 Aginagako Arrate Elkartearen sarreran.
-Martxoak 26, 18:30-20:30 Santueneko frontoi ondoko Aldapeta udal-lokalaren sarreran.
-Martxoak 29, 16:30-18:30 Zubietako frontoiaren atzeko paretaren txoko batean.
-Martxoak 29, 19:00-21:00 Kaxkoan. Sutegi kultur etxeko pasabidean.

Antolatzaileak: Usurbilgo Udala eta Usurbilgo DYA.