"Hauteskunde erronkari ekiteko proiektu eta talde ezin hobea osatu dugu"

Noaua Aldizkaria 2019ko mar. 23a, 11:52

Ostiral arratsalderako Potxoenean deitua zuen bilera irekian, maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako hautagai zerrenda taldea aurkeztu eta berretsi zuen Usurbilgo EHBilduk.

Maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako prestaketa lanetan beste urrats bat eman du Usurbilgo EHBilduk. Ostiral arratsaldean Potxoenean deitua zuen bilera irekian, aipatu hitzordurako hautagaien zerrenda aurkeztu eta berretsi zuen. Albiste honi atxikitako eta koalizioak zabaldu duzen argazkian dituzue hautagai zerrenda horretako kideak. "Ilusioa eta irribarrea nagusi. Proiektu eta talde ezin hobea osatu dugu, hauteskunde erronkari ekiteko. Mila esker ekipo!!", adierazi dute koaliziotik sare sozialen bidez.

Zerrendaburu eta honenbestez Usurbilgo EHBilduren alkategai Agurtzane Solaberrieta ildo beretik mintzatu da. "Freskotasuna, zabaltasuna, gaitasuna, gogoa eta ilusioa dira zerrenda honen nortasun-ikurrak. Oso pozik nago lantalde honen parte izateagatik. Plazera izango da. Zorionak !!", adierazi du Twitter bidez. 

Ostiral arratsaldean Potxoeneko ekitaldian aurkeztu eta berresitako hautagaien zerrenda laster aurkeztuko du EHBilduk jendaurrean.

Agurtzane Solaberrieta Mesa, zerrendaburua
Otsailaren 9an eman zuen ezagutzera Usurbilgo EHBilduk Potxoenean egin zuen batzarraren amaieran, koalizioko alkategaia; Agurtzane Solaberrieta Mesa. Kazetari gisa lan egin du Berrian eta NOAUA!n. Egun, Usurbilgo Udaleko komunikazio arduraduna da. Hamaika herri ekimen eta mugimenduetan parte harturikoa da Solaberrieta; EHE, NOAUA! K.E., ezker independentismoa, Gure Esku Dago... 

"Elkarrekin burujabe" aldarriaren bueltan aurkeztu zuen 2019-23 legealdiko "azala eta mamia". Burujabetza agenda politikoaren erdigunean kokatu zuen, herri eta pertsona bezala ahalduntzeko tresnatzat jo zuen. Hiru arreta gune nagusi eta ehunetik gora proposamen ditu EHBilduren herri programak hurrengo legealdirako: herri-nortasuna, herri-eredu jasangarria eta ongizartea.

Eskuartean duten proiektuaren erdigunean, "bizitzak, pertsonak, usurbildarrak daude, eta horren bueltan eraiki nahi dugu gure herri-proiektua”. 

Mertxe Aizpurua, Madrilgo Diputatuen Kongresurako
Maiatzaren 26ko udal, foru eta Europako hauteskundeen aurretik, Espainiako Gorteak berritzeko hauteskundeak ospatuko dira apirilaren 28an. EHBilduk Gipuzkoako zerrendaburu gisa aurkeztu du Madrilgo Diputatuen Kongresurako, Mertxe Aizpurua Arzallus Usurbilgo alkate ohia. 

2011-15 legealdian Usurbilgo alkatea izan zen, Udalbiltzako lehendakaria baita garai berean. Legealdi hura amaituta, ogibide duen kazetaritzara bueltatu zen, Gara egunkariko erredakziora. 1999-2004 urte artean aipatu egunkariko zuzendaria izandakoak politika mundura jauzi egingo du berriz.