Mariatxiak, klakea, akordeoilariak, txistularien topaketa edota Zarauzko Musika Banda, 15. Soinurbilen asteburuan

Noaua Aldizkaria 2019ko api. 5a, 07:20

Asteburu musikatua datorkigu, 15. Soinurbileko azken txanparekin. Denetariko musika estiloak jorratuko dituzten hitzorduak iragarri ditu Zumarte Musika Eskolak; mariatxiak gaur (apirilak 5) Artzabalgo plazan, txistularien topaketa eta akordeoilariak, klakea eta abesbatza batuko dituen ekitaldia larunbatean, eta Zarauzko Musika Bandaren bisita igandean.

Zumartek Kale Nagusiko eraikina handitu eta berritu artean behin behineko bulegoaren kokagunera, konponketa lanak amaitu berri dituzten Artzabalgo plazara ere hedatuko da aurten, ate joka dugun musika astea. Txamukos Mariatxiak gonbidatu dituzte ostiral honetan, apirilaren 5ean. 2014an sortutako Lesakako taldeak “bertako 4 musikari daude eta Arantzako, Usurbilgo eta Villabonako bat. Gitarra, baxua, soinua, bi tronpeta eta abeslari batek osatzen dute mexikar talde hau. Korridoak, baltsak, boleroak... eta era askotako doinuak mexikar erara interpretatzen dituzte, horietako batzuk euskaraz”.

Txistularien topaketa
Eskualde mailako txistularien topaketa ere antolatu du Zumartek musika asterako. Usurbilgo eta eskualdeko 25 txistulari elkartuko ditu larunbatean, apirilaren 6an. Egunean zehar bi kalejirekin herria girotuko digute. Eta azken kalejiraren ostean, frontoian Lauhaizeta Akordeoi Orkestraren emanaldia, 13-23 urte arteko Klake taldearekin. “Gaztetxoak izan arren, errepertorio desberdinak lantzen dituzte: swing musika, folka... Errenteria Musikaleko Jazz konboarekin elkarlanak egin izan dituzte. Oraingoan, akordeoi taldearekin folk doinuekin batera emanaldia eskainiko dizuegu”, aurreratu dute Zumartetik.

Zarauzko Musika Banda
Herri ezberdinetako musika bandaren bat ere gonbidatu ohi du Zumartek Soinurbil ekimenera. Aurtengoan hain zuzen, Zarauzkoa izango dugu kalejiran lehenbizi eta frontoian kontzertua eskaintzen gero, igandean, apirilaren 7an.


15. SOINURBIL MUSIKA ASTEA

Apirilak 5, ostirala
19:30 Txamukos Mariatxiak Artzabalgo plazan.
Zehaztasunak: "Txamukos mariatxiak gitarra, baxua, soinua, bi tronpeta eta abeslari batek osatzen dute mexikar talde hau. Hauetako bat, usurbildarra da. Korridoak, baltsak, boleroak...eta era askotako doinuak mexikar erara interpretatzen dituzte, horietako batzuk euskaraz".

Apirilak 6, larunbata 
12:00/18:00
 Usurbilgo eta eskualdeko txistulari taldeen kalejirak herrian barrena. 
Zehaztasunak: "Usurbil eta eskualdeko 25 txistulari elkartuko dira Usurbilgo kaleetan zehar kalejira egiteko".

19:30 Lauaizeta akordeoi orkestra, abesbatza eta klake taldea Usurbilgo frontoian. 
Zehaztasunak: Lauhaizeta akordeoi orkestraren, abesbatzaren eta klake taldearen emanaldia. "Lauhaizeta Akordeoi Orkestra “AKORDEON PLUS” musika elkarteak akordeoi musika zabaltzeko egiten ari den ahaleginean bultzatutako ekintzen emaitza da".

-Klake taldea: 
Partehartzaileak: Oihana Chalde, Ane Guetaria, Getary Gonzalez, Uxue Irisarri, Lide mendizabal, Ainhoa Piñas, Aitor Urruticoechea, Jon Urruticoechea, Amaia zamora. Irakaslea: Larraitz Ugartemendia.

"Klake talde hau , 13 – 23 urte bitarteko ikasleez osatuta dago. Gaztetxoak izan arren, errepertorio desberdinak lantzen dituzte: swing musika, folka... Oraingoan, akordeoi taldearekin folk doinuekin batera emanaldia eskainiko dute".

Apirilak 7, igandea: Zarauzko Musika Banda
12:00 Zarauzko Musika Bandaren kalejira frontoian.
13:00 Zarauzko Musika Bandaren kontzertua frontoian.
Zehaztasunak: "36 urte ditu zarauzko musika bandak eta 45 kidez osatua dago gehienak 25 urtetik beherakoak".

Apirilak 10, asteazkena
18:30 Zumarteko ikasleen kontzertua Getariako Itur- zaeta Herri Eskolan, bertako J.S. Elkano musika eskolarekin egiten ari diren trukaketaren baitan.

Antolatzaileak: Zumarte Musika Eskola eta Usurbilgo Udala.
Laguntzaileak: Gipuzkoako Foru Aldundia eta Kutxabank.