21. Korrika

20 urteotako Korrikako abestien errepaso "artixtikoa" usurbildarren eskutik, 19:00etan Sutegin

Noaua Aldizkaria 2019ko api. 7a, 09:02

21. Korrika bidean da eta badator Usurbila! Bidea arintzeko, euskararen aldeko martxa gure artera datorren honetan girotzen hasteko, Usurbilgo Artixten Taldeak emanaldi berezia prestatu digu igande honetarako (apirilak 7) 19:00etan Sutegin.

21. Korrikan murgildu aurretik, aurreko 20 edizioen errepasoa egingo digu Usurbilgo Artixten Taldeak. Errepaso musikala, ezagunak ditugun eta euskararen aldeko martxa musikatu duten abestien "azterketa" berezia egingo digute. 2020rako bueltan izango dugun Euskaraldiak ere bere tartea izango du, 19:00etan Sutegiko auditorioan hasiko den doako ekitaldian. 

Korrikaren harira hain zuzen, Euskaraldiko lagunak itzuli zaizkigu berriz! Albiste honi atxikia duzue, Nahiak, Xabatek, Elik eta Patxik badatorren 21. Korrikaren harira prestatu diguten bideoa. 

Igandeko emanaldiaren ostean, ekitaldi ugari deitu dira hurrengo asterako. Programazioa, hilabeteotan Etumeta AEK euskaltegian bildu izan den Korrika Batzordeak bideratu du. Herritar nahiz eragile ezberdinetako ordezkariek parte hartu dute saiootan. Lanketa honen emaitza, hurrengo asterako josi duten egitaraua. 

Azken orduko aldaketa
Adi, azken orduko aldaketa bat baitago egitarauan. Apirilaren 12an ospatuko dugun Korrika Egunaren baitan, Jon Sarasua eskaintzekoa zen  "Iturri bati begira. Joxan Artzeren interpretazio bat" emanaldia bertan behera geratu da. Emanaldirako sarrerak erosiak dituzuenok Etumeta AEK euskaltegira joan, dirua itzuliko zaizue.


21. KORRIKARI ESKAINITAKO ASTEA
Apirilak 7, igandea
19:00 Korrika Musikala Sutegin. 
Zehaztasunak: "Herriko “artixtak” arituko dira eta Korrikak orain arte izan dituen kantuen “azterketa” egingo dute".

Apirilak 8-12, astelehenetik ostiralera
Susana Martinen Zirriborro tailerreko haurrek 21. Korrikaren inguruan sortutako marrazkien erakusketa Sutegin.

Apirilak 10, asteazkena
19:30 "Txillardegiren Klika" dokumentalaren proiekzioa Sutegiko auditorioan.
Zehaztasunak: "Korrikak aurten omenduko duen Txillardegiren dokumentala eskainiko da. Txillardegiren Klika osatzeko, 14. KORRIKAk Txillardegiri grabatutako elkarrizketan oinarritu da Kote Camacho. Dokumental berri horren ardatza elkarrizketa hartako irudi gordinek osatuko dute, nagusiki: han jorraturiko gaiek dokumental honetan jaso nahi direnekin bat egiten dutelako. Txillardegi, bere horretan, gustura eta natural ageri delako, kamerarik ez balego bezala. «KORRIKAk KORRIKArako egina izateak magia-ukitua ematen diolako», diote arduradunek. 14. Korrika hark Ni ere bai leloa zabaldu zuenak, euskara ikasteko urratsa egindako jendea omendu nahi izan zuen. Oraingoan, KORRIKA urrunago doa, Klika leloaz eskatu nahi baitu euskara erabiltzeko, euskaraz ahalduntzeko, euskararekin inplikatzeko, eta, noski, ez dakienak euskara ikasteko. Horregatik guztiagatik omenduko du Txillardegi: euskaldun berri zahar hura (berak zioen bezala) erabakigarria izan da euskararen historiako azkeneko mende erdian.

Elkarrizketa hura oinarri, bestelako artxibo ugari eta protagonista zenbait tarteko, (Bernardo Atxaga, Harkaitz Cano, Joxe Azurmendi, miren Azkarate, Ibon Sarasola eta Laura mintegi, esaterako), baina Txillardegi beraren ahotsa ardatz: hara hor Txillardegiren Klika dokumentalaren osagarriak".

Apirilak 12, ostirala: Korrika Eguna
11:30-12:30 Korrika Txikia Zubietan eta Udarregi Ikastolan.
14:30 Usurbilek lekukoa hartuko du Aginagan. Partaideei Euskaraldian erabilitako txapak soinean eramateko eskatu nahi diegu. Ibilbidea: Aginaga-Kaxkoa-Kalezar-Kaxkoa-Santuenea-Zubieta.
17:00 Txokolatada Dema plazan.
Ondoren, herriko gazteek Olinpiadak egingo dituzte.
19:30 BERTAN BEHERA geratu da "Iturri bati begira. Joxan Artzeren interpretazio bat": Jon Sarasuaren emanaldia. Sarrerak erosiak zenituztenok, Etumeta AEK euskaltegira joan eta dirua itzuliko zaizue. 

Antolatzailea: Korrika Batzordea.