Beñat Lizaso 2. Euskal Pilota Egokituko Master Cup-eko txapelduna

Noaua Aldizkaria 2019ko api. 8a, 12:31

Lehia estua (24-25 azken emaitza), erakustaldi bikaina eta garaipena! Bigarren Euskal Pilota Egokituko Master Cup txapelketa irabazi du Beñat Lizasok Joseba Lasarekin batera, eguerdian Beasainen jokatu diren finaletan. Zorionak!

Asier Navaridas sunbillarra eta Javier Etxezarreta donostiarrarekin lehiatu dira usurbildarra eta lesakarra eguerdian, Beasaingo Antzizar pilotalekuan.  Antolatzaileen esanetan, "pilotazaleak txunditu dituzte kirolari bikain hauen jardunarekin, euren aulkiak dantzatu eta pilota jotzeko erarekin. Ziur gaurkoa lehen aldia izan dela ikusle askorentzat eta ziur ez dela azkena izango, pilotarien mugimenduen plastikotasunak bat baino gehiago harrapatu ditu eta. Finalak, gainera, halakoetan horrenbeste eskertzen den lehiakortasuna izan du, hasi eta buka, alde batera zein besterako aldeekin. Hemen ere tentsioa ikaragarri antzeman da azken tantoetan, bikote bakoitzak falta bat ere egin du sakez, baina azkenean partidaren gehienean aurretik joan diren Joseba Lasak eta Beñat Lizasok lortu dute garaipena. Partida bikaina jokatu du atzelari usurbildarrak atzean egindako tanto bikain bati esker (24-25)".