Aurreko 20 Korriken errepaso musikal eta "artixtikoa" eskaini digute herriko sortzaileek

Noaua Aldizkaria 2019ko api. 12a, 09:34

21. Korrika heltzeko egun gutxi geratzen diren honetan, aurreko 20 Korriken abestien errepaso musikala egin zigun Usurbilgo Artixten Taldeak aurreko igande arratsaldean Sutegi aretoan eskaini zuten hitzaldi musikatuan.

Korrika Batzordeak antolaturiko ekitaldia Ugaitz Agirrek gidatu eta herriko musikariok parte hartu zuten; Luken Arkarazok, Natali Izagirrek, Jokin Irastorzak, Beñat Urteagak, Ixak Arrutik, Mikel Alkortak eta Korrikako abesti historikoetako bat musikatu zuen Joseba Tapiak! Haien guztien eskutik, Korrikaren lau hamarkadotako bilakaera azaldu ziguten; abestiek, abestietako mezuek, musika estiloek izandako bilakaera. 

Abestiotako batzuk entzuteko aukera izan genuen, baina herrian sortzaile talde aparta izanik, denok gure oroitzapenetan ondo gordeak ditugun Korrikako beste hainbat kanta zuzenean jo zizkiguten. 

Ondoko irudiotan bildu genuen igande arratsaldeko Sutegiko ekitaldia.