21. Korrika

21. Korrikan ere Ahobizi eta Belarriprest jokamoldeak hartzeko deia egin du Euskaraldiko herri batzordeak

Noaua Aldizkaria 2019ko api. 12a, 09:55

Euskaraldiaren testuinguruan ezagunak egin zitzaizkigun bi lagunen, Eli eta Patxiren ahotik bidean datorkigun 21. Korrikan Ahobizi eta Belarriprest jokamoldeak hartzeko gonbita luzatu ziguten joan den igandean, Usurbilgo Artixten Taldeak Sutegin eskaini zuen emanaldian.

Segidan duzue, Euskaraldia Usurbilen sustatzen aritu den eta 2020ko edizioa prestatzen hastear den herritarren batzordearen izenean, Elik eta Patxik igande arratsaldean Sutegin plazaraturiko adierazpena:

Korrikan ‘ahobizi’ eta ‘belarriprest’ jokamoldeak hartzera deitzen du Usurbilgo Euskaraldia batzordeak
Iazko abenduaren 3an eman genion amaiera Euskaraldia: 11 egun euskarazariketa sozialari. Orduan ezagutu genituen “ahobizi” eta “belarriprest” jokamoldeak. Horien bidez, norbanakoen hizkuntza-ohituren aldaketa sustatu genuen. Usurbildar asko batu ginen ekimenera, eta gure eguneroko hizkuntza-harremanak lantzen aritu ginen. 

Orain, 21. Korrika dator Usurbilera! Esperientzia errepikatzeko testuinguru paregabea eskaintzen digu honek. Izan ere, Korrikaren aurtengo leloarekin eta helburuarekin bete-betean egiten du bat Euskaraldiak. “Klika” aukeratu dute lelo, eta jarrerak aldatzea jarri dute helburu: alegia, euskararen alde “klik” egitea. 

Ahobiziok eta belarriprestok gure hizkuntza-praktikak aztertzeko eta ohiturak aldatzeko erabakia hartu genuen iaz; horrela, inertziak apurtzeko konpromisoa erakutsi genuen, klika egiteko konpromisoa. 

Korrika une aproposa da euskarazko hizkuntza-praktikak zabaltzen jarraitzeko, aldatutako ohitura horiei eusteko eta euskarazko harremanak zaintzeko. Horretarako, Usurbilgo Euskaraldia batzordeak dei egiten die usurbildarrei ahobizi eta belarriprest rolak berreskuratzeko. Ikurrekin eta beren portaerarekin hizkuntza-ohituren aldaketa ikusaraz dezagun!

Batu Korrikara usurbildar! Iaz ekindako hizkuntza-ohituren aldaketarekin jarraitu eta ez utzi KLIKA egiteari! Euskara, gure hautua!