21. Korrika

Korrika Egunaren biharamunean, larunbatean dantzarien plaza Usurbil

Noaua Aldizkaria 2019ko api. 9a, 16:21

Badator 7. Dantza Eguna! Orbeldi D.T.-k prest du, oraingoan goizetik goizaldera luzatuko den jaialdiko egitaraua. 

Mugimendu bizian datorkigu Orbeldi Dantza Taldeak apirilaren 13rako antolatu duen 7. Dantza Eguna. Herrira zabalduko dute egun osoz dantza giroa, antolatu dituzten heldu eta haur dantzarien topaketekin. Topaketena izango baita aurtengo Dantza Eguna. Dantzariak elkartu, talde argazki bana atera, eta herrian desfilatuko dute kalejiran, frontoiraino. Gero pilotalekuan emanaldi bana eskainiko dute. Helduen topaketa goizez ospatuko da, gaztetxoena arratsaldez. Nafarroako nahiz Gipuzkoako dantzari talde ezberdinen bisita espero da herri honetan astebete barru.

Eta eguna borobiltzeko, azken hilabeteotan mimo handiz prestatzen aritu diren “Tipi Tapa Pub” ikuskizunaren estreinaldia! Oraingoan ere dantza, musika eta antzerkia uztartuko ditu, parte hartze aldetik jendetsuena izan ohi den urteko herri emanaldi nagusiak.

Dantza giroa goizaldera arte
Ate joka dugun Dantza Eguna, goizaldera arte luzatuko da aurten. Urtero harritu eta hunkitzen gaituen Orbeldikoen gaueko ikuskizunaren estreinaldiarekin ez baita amaituko aurtengoa. Dantza giroaz gozatzeko aukera izango da goizaldera arte, Usurbilgo Larrian Gozo taldearekin. Inauteri Festaren gauan egin bezala, gautxoriak dantza batean jartzera itzuliko dira frontoira.

Bazkari herrikoia
Dantza saioen artean, atseden hartu eta indarberritzeko bazkari herrikoia antolatu du Orbeldi D.T.-k. Adi, Udarregi Ikastolako jangelan ospatuko den otordura bertaratu nahi duzuenok txartelak aurrez eskuratu beharko dituzue Artzabalen edo Orbeldi Dantza Taldeak Oiardo Kiroldegian duen Dantza Gelan, ostegunetan, 19:00-21:00 artean.

Goizetik goizaldera, dantza batean
Apirilak 13, larunbata
IV. Dantza Taldeen Topaketa
10:30 Dantza taldeei harrera frontoian:
- Erketz (Lasarte).
- Ortzadar (Iruñea).
- Monteagudoko Danzanteak (Monteagudo).
- Orbeldi (Usurbil).
11:30 Argazki ofiziala udaletxean.
Jarraian, kalejira herriko kaleetan zehar.
12:30 Emanaldia frontoian.
14:00 Bazkari herrikoia Udarregi Ikastolako jangelan.

I. Dantzari Txiki Topaketa
16:00 Elkartzea Potxoenean:
- Egape (Urnieta).
- Haurtzaro (Oiartzun).
- Erketz (Lasarte).
- Urki (Andoain).
- Herri Ametsa (Donostia).
- Orbeldi (Usurbil).
16:45 Argazki ofiziala udaletxean.
Jarraian, kalejira herriko kaleetan zehar.
18:00 Emanaldia frontoian.

eta eguna bukatzeko...
22:30 “Tipi Tapa Pub” ikus- kizun herrikoia.
00:00 Erromeria Larrian Gozo taldearekin.

Antolatzaileak: Orbeldi D.T. eta Usurbilgo Udala.