Euskadiko txapeldunak diren Usurbil K.E.-ko jubenil mutilak, Madrileko Sektorera asteburuan

Noaua Aldizkaria 2019ko api. 12a, 08:00

Andatzakoen Baztango irteerarekin eta futbol zein eskubaloi partidekin batera, Usurbil Kirol Elkarteko jubenil mutilen asteburua dugu honako hau. Euskadiko txapeldunek Espainiako Sektorea jokatuko dute asteburuan Madrilen.

Euskadiko txapeldunak ditugun Usurbil K.E.-ko jubenil mutilak Espainiako Sektorean lehiatzera doaz asteburuan Madrilera, lagun, senide eta zaletuz beteriko autobusean.

Pozik, gozatu eta duten onena ematera, sei urteotan jorratu duten ibilbidea merezi bezala borobiltzera. “Guretzat sari potoloa da. Sei urteko ibilbidea ezinhobeto borobiltzeko modua”, adierazi dio NOAUA!ri Xabat Beloki entrenatzaileak. Lehen urtea du zeregin honetan Xabatek, alboan du hasieratik gaur arte, taldeak sei urteotan bidelagun izandako prestatzailea, Jon Aizpurua. Infantilen mailako lehen urtean hasi zen, orduan 11 urte zituzten gaztetxoak entrenatzen. Bide gozo askoa jorratu dute ordutik. “Euskadiko bi txapelketa jokatu ditugu. Iaz Gipuzkoako Kopako txapeldun izan ginen”, oroitarazi digu Jonek.

Garaipen hari, martxoaren 22ko asteburuan etxean jokatu eta irabazitako Euskadiko Txapelketa batu behar zaio. “Oso pozgarria izan zen Oiardo Kiroldegia hala ikustea, ez nuen sekula hala ikusi. Bizi osoan oroituko dugu”, adierazi digu Aizpuruak.

Irabaztera doaz
Euskadiko txapelketako lau taldeak igaro dira Espainiako Sektorea jokatzera. Jubenil mutilek bigarrenez parte hartuko dute halako hitzordu batean. Aurkariengatik galdetu diegu. “Informazio gutxi dugu, baina arerio gogorrak izango dira ziur aski”, dio Jonek. Halere Xabatek aipatu duenez, taldearen nortasuna erakustera joango dira, irabaztera. Talde sendoa baitute. “Animikoki oso goian gara. Jubenilen bigarren urteko jokalari asko ditugu”, dio. Lehen urtekoak ikasteko kadeteen laguntza ere badute, hitz gutxitan harrobia. Argi diote; taldetik nabarmendu dutenez, “harrobi onena duen” kluba da Usurbil K.E.

Kasu honetan, jubenilena jokalari talde bat baino lagun koadrila da. “Txikitatik batera hazitakoak”, Xabatek gogorarazi digunez eta bere esanetan, “denboraldia hala bukatzea ikaragarria izango da”.

Madrileko bidaiaren ostean, usurbildarrek Gipuzkoako Kopa izango dute jokoan. Badute ordea aurrera begirako beste erronkarik, jubenil mutilen taldea, hurrengo 2019-20 denboraldian seniorren taldera igarotzea.

Eskertza
Asteburuan Madrileko joan etorrian senide eta lagunen babesa izango dute Usurbil K.E.-ko jubenil mutilek. Aipatzekoa gurasoen ilusio eta gogoa. Bereziki, bi kide goraipatu eta emandako laguntzagatik eskertu nahi dituzte; Jaione eta Txitxo.

Espainiako Sektoreko partidak
Apirilak 12, 18:00 Safa (Madril).
Apirilak 13, 11:00 Cisne (Galiza).
Apirilak 14, 10:00 Dominicos (Aragoi).

FUTBOLA HARANEN
Apirilak 13, larunbata
09:30 Infantil neskak: Usurbil F.T.-Santo Tomas Lizeoa KE B
10:45 Infantil mutilak B: Udarregi Usurbil F.T.-Tolosa CFA
12:30 Kadete neskak: Usurbil F.T.-Eibar SAD
15:30 Jubenilak: Usurbil F.T.-Vasconia CD

Apirilak 14, igandea
19:30 Erregionalak: Usurbil F.T.-Oiartzun KE

ESKUBALOIA KIROLDEGIAN
Apirilak 13, larunbata

09:30 Gipuzkoako infantil nesken txapelketako nala: Pulpo-AloƱa Mendi.
11:30 Kadete neskak (Gipuzkoako Kopa): Usurbil K.E.-Leizaran Urdina.

ANDATZAKOEN IRTEERA
Baztan inguruak ezagutzeko bira antolatu du Andatza M.K.K.-k hurrengo hilabeteotan. Lehen etapa iganderako, apirilak 14. Oronoz, Mugaire eta Artesiaga lotuko dituen 26 kilometroko ibilbidea osatuko dute, apirilaren 10a baino lehen izena emana zuten mendizaleek. 7:30etan finkatu dute abiatzeko hitzordua autobusez, Oiardo Kiroldegitik.