Abisu horia 17:00etan hasi eta gauerdira arte, "prezipitazio handiagatik"

Noaua Aldizkaria 2019ko api. 15a, 08:29

Euskalmet meteorologia agentziak iragarri duenez, "EAEko zenbait lekutan ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daiteke" astelehen arratsalde eta iluntze partean.

Ekaitz giroa iragarri dute astelehen arratsalde honetarako. Euskalmet meteorologia agentziak abisu horia iragarri du, 17:00-00:00 artean. "EAEko zenbait lekutan ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daiteke. Zaparrada txiki-ertainak eta trumoitsuak botako ditu, baliteke zenbait tokitan handiak izatea eta txingorra egitea. Ekaitz-guneetan baliteke haize-bolada gogorrak izatea". 

EGUNOTARAKO IRAGARPENA
Apirilak 15, astelehena
"Gaur eguna bi zati oso ezberdinetan banatuta egongo da. Egunaren lehen partean hegoaldeko haizea ibiliko da eta tenperaturak gora egingo du; kostaldetik gertu termometroak 25 ºC ingurura iritsiko dira eta barnealdean 20 ºC-ren bueltan ibiliko dira. Arratsalde erdialdetik aurrera, ordea, giro nahasiagoa izango dugu; haizeak mendebal/ipar-mendebaldera egingo du eta zaparradak botako ditu. Zaparrada horiek mardulak eta trumoitsuak izan litezke eta baliteke kazkabarra ere botatzea. Kostaldean haizearen norabidea zakar alda daiteke, ufada oso gogorrak neur daitezke, eta horrekin batera itsasoaren egoerak kaskartzera egingo luke".

Apirilak 16, asteartea
"Asteartean giro lasaiagoa. Goizaldean oraindik ere aurreko eguneko hodei hondarrak eta zaparrada batzuk izan daitezke, baina egunsentirako atertuko du eta zerua ez da hain goibel egongo; hodeiak gutxituz joango dira eta urdingune ederrak zabalduko dira. Haizearen norabidea aldatuz joango da; mendebaldetik joko du hasieran, ondoren ekialdera egingo du eta egunaren amaieran hegoaldetik finkatuko da. Tenperatura maximoek behera egingo dute baina balio suabeak neurtuko dira, 16-18 ºC artekoak".

Apirilak 17, asteazkena
"Giro atsegina asteazkenean. Tenperaturak gora egingo du eta maximoak 20 eta 25 ºC artekoak izango dira, beroenak kostaldean neurtuko direlarik. Giro eguzkitsuaz gozatzeko aukera izango da, baina zerua ez da guztiz urdin egongo; orduak igaro ahala goi-hodeiak iristen joango dira eta egunaren amaierarako hodeiak ugariak izango dira. Hegoaldeko haizea ibiliko da egun osoan eta tenperaturaren igoera erraztuko du".

Informazio eguneratua, hemen: euskalmet.eus