2018ko errenta aitortzeko epea zabalik, tramitazioa euskaraz egiteko deia

Noaua Aldizkaria 2019ko api. 16a, 08:37

Martxan da beste urte batez, iazko errenta aitortzeko kanpaina. Jada, errenta mekanizatua eta Internet bidezko aitorpena onartzeko epea zabalik duzue. Usurbilgo Udala kide duen Udalerri Euskaldunen Mankomunitatetik (UEMA), errenta euskaraz aitortzeko gonbita luzatu dute.

2018ko diru kontuak argitzeko garaia hemen da. Errenta aitorpena bideratzeko kanpainako datak finkatuak daude jada:
-Martxoaren 13tik aurrera: zerga informazioa eskuratzeko epea zabalik.
-Apirilaren 1etik aurrera: autolikidazio proposamena ikustea.
-Apirilak 3-17: 200.000tik gora autolikidazio proposamen bidaliko dituzte posta bidez.
-Apirilaren 8tik uztailaren 1era: autolikidazio proposamena onartzea.
-Apirilaren 12tik ekainaren 8ra: errenta mekanizaturako hitzordua eskatzea (autolikidazio proposamena jaso baina onartu nahi ez dutenek apirilaren 17tik aurrera).
-Apirilaren 15etik uztailaren 1era: errenta mekanizatua eta Internet bidezko aitorpena onartzea. 

Errenta euskaraz aitortzeko deia
Urtero moduan, Ogasunarekin diru kontuak euskaraz argitzeko gonbita luzatzen digute Usurbilgo Udala kide duen Udalerri Euskaldunen Mankomunitatetik (UEMA). Dagoeneko, 2018ko errenta aitorpena euskaraz tramitatzeko baliabideak prest dituzte. Iaz 3.208tik 920 errenta aitorpen euskaraz bideratu ziren Usurbilen, gainerako 2.288ak erdaraz. Gorantz doa kanpaina hau euskaraz egitea hautatzen duten herritarren kopurua. 2008koan 494, 2009koan 544, 2010koan 591, 2011koan 635, 2012koan 681, 2013koan 728, 2014koan 769, 2015ekoan 872, 2016koan 893, 2017koan 920. 

Errenta aitorpena euskaraz tramitatu ahal izateko xehetasunak ondoko irudiotan dituzue.

Informazio gehiago:
gipuzkoa.eus/ogasuna
943 113 000