Kexuak, usain txarra tarteko

Noaua Aldizkaria 2019ko api. 16a, 09:37

Ez du etenik kirats usainak, bereziki Atxegalde inguruan. Azken asteotan hainbat egunez nabarmendu dute usain txarra.

Egunetako batean gainera, udaltzaingora deitu zutela jakinarazi du “Xingola” herriko Twitter erabiltzaileak. Kiratsaren jatorria, urte luzez herritar batek baino gehiagok adierazi moduan, Osinalde industriagunean kokatzen dute.

"Ez etsi, Ucin-i hortzak erakutsi"
Azken ke isurketa handia izan eta 24 ordura aterkipean elkarretaratu ziren uztailaren 20an usurbildarrak, herritar talde batek Ucin lantegiak atmosferara aireratzen dituen isurketa kutsakorrak salatzeko deitu zuen mobilizazioan. "Ez etsi, Ucin-i hortzak erakutsi" mezu horrekin, herritarrak Atxegalde parean den lantegiarekin urte luzez gertatzen ari denaren aurka egotetik aurka aritzera animatu zituzten. Irailetik aurrera, mobilizazioei segida emateko asmoa agertu zen.

"Gure pazientziak lepo egin du, eta ez ditugu tarteka-tarteka egiten diren hitz onez beteriko asmo eta promesak sinesten. Marra gorri guztiak aspaldi gainditu zituen UCINek eta aurrez aurre izango gaitu hemendik aurrera, baldin eta, herritarrok aurka egotetik aurka aritzera jauzia emateko prest bagaude", adierazi zuten mobilizazio honen harira plazaratu zuten ondoko adierazpen honen bidez:

ADIERAZPENA
Urteak daramatzagu UCINek atmosferara isurtzen duen ke kutsatuaren ondorio larriak jasaten. 2004ean jaso zituen Udalak herritarren lehen kexak. Geroztik, hamalau urte luze pasatu dira, eta herritarrok aurkeztutako kexa kopurua izugarria da. Nahikoa da. Nazka, nazka eginak gaude. UCINek oso garbi dauka bere helburua: negozioa, negozioa eta negozioa. Eta horretarako ez dauka inongo erreparorik, tartean herritarron osasuna jokoan badago ere, berak NEGOZIOA lehenesten du.

Udala ere nahi duen eran toriatzen du UCINek. Aurrena labe zaharra zen arazoa, gero labe berria egin eta zepak zirela arazoaren iturri, zepentzako biltegia egin eta arazoa konpondu ezin halere, gero, ezkutuan labe zaharra berriro erabiltzen ari zirela jakin genuen, ikusten duzuen bezala ziria hemendik eta gezurra handik. Udalak ikuskapenak egiteko eskuduntza eta horretarako protokolo zehatza idatzita eduki arren, gero... beti dago gero bat hori behar bezala ez gauzatzeko. Enpresa honen hitza jatea etengabea izan da urte hauetan. Udaletxean dagoen dokumentu pila da horren lekuko, edo, herriko NOAUA!ren hemeroteka begiratu besterik ez dago.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak, berea duen papera betetzen du: ingurumena babesteko itxura plantak egin txostenetan, eta gero praktikan, aukera duen guztietan, beste aldera begiratu, enpresarioa ez kaltetzeko. 2010ean enpresari eman zion Ingurumen Baimeneko txostenean jasotzen duena, gero, ez du UCINek betetzen, baina Ingurumen Saileko teknikariak beti oso lanpetuta daudenez, ikuskapenik ez dute egiten, ez zaie isurketei inongo jarraipenik egiten. Udal ingurumen teknikariaren 2012ko txosten batean jasota dagoenez, ordurako Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko teknikariak nekatuta zeuden udaletik egiten zitzaizkien eskariei erantzuteaz. Legeak kutsatzea baimentzen duenez, herritarren kexei erantzun hori ematen zaie: enpresaren jarduerak eragiten dituen isuriak legearen barruan daudela, beraz kutsatzen jarrai dezakeela muga horiek gainditzen ez dituen bitartean. Hori da bere jokabidea ia gai guztietan. Ondo dakigu bai, bestela ikusi nola jokatzen ari den Zubieta gainean eraikitzen ari diren errauste plantarekin.

Gure pazientziak lepo egin du, eta ez ditugu tarteka-tarteka egiten diren hitz onez beteriko asmo eta promesak sinesten. Marra gorri guztiak aspaldi gainditu zituen UCINek eta aurrez aurre izango gaitu hemendik aurrera, baldin eta, herritarrok aurka egotetik aurka aritzera jauzia emateko prest bagaude. Horregatik diogu,

"Ez etsi, UCIN-i hortzak erakutsi"

"Errausketarik Ez, Ez Zubietan, Ez UCINen, Ez inon"

Herritar taldearekin hartuemanetan jartzeko: hortzakerakutsiucini@gmail.com