Usurbil F.T.-ren kirol txokoak gaurtik

Noaua Aldizkaria 2019ko api. 23a, 08:19

Oporrak lagun artean eta jolasen bidez kirolaz gozatzeko aukera ederra izango dute gaztetxoek gaurtik, Usurbil Futbol Taldearen eskutik. Kirola egiteko ohitura osasuntsuak oporretan eten beharrik ez daudelako, “Kirola eginez” ekimena antolatu du aipatu kirol klubak, apirilaren 23tik 27ra.

“Kirola aitzakia hartuta, herriko haurren heziketan partaide aktibo izatea gure helburuetako bat delako. Bide batez, herritarrei zerbitzu berri bat eskaini nahi diegu”.

Futbol taldeen bilgunea izanik, egun horietan eskainiko dituzten jardueren artean futbola izango da noski, baina “Usurbil Futbol Taldeak, futbola ardatz badu ere, kirolaren onurak goraipatzen ditugu orokorrean. Horregatik, ekintza honetako eskaintza anitza eta zabala izango da”. Besteak beste, eskubaloia, jolas tradizionalak, futbola, eskupilota, herri kirolak, saskibaloia... ekintza hauetan jolasteko aukera izango dute gaztetxoek. Jolasteko aukera, ez lehiatzekoa. “Adin hauetan, kirol eta jolas ezberdinak egitea aberasgarria da eta lehiaketak alde batera utzita, haurrek jolasean gustura pasa dezaten nahi dugu”.

Kirol txokoak
-Epea: apirilaren 23tik 27ra, asteartetik larunbatera.
-Ordutegia: 9:30-13:00.
-Tokia: gune nagusia Harane futbol zelaia izango da. Baina hainbat tokitan ibiliko dira: Oiardo Kiroldegian, frontoian, herrian zehar...
-Nori zuzendua: LH 1-6 maila arteko ikasleei, 6-12 urte artekoei.
-Informazio gehiago: Usurbil F.T.-ren Haraneko bulegoan, futusurbil@yahoo.es helbidean.

Antolatzailea: Usurbil F.T.
Laguntzaileak: Usurbilgo Udala eta Udarregi Ikastola.

Gaztelekuko ekintzak
Udaberriko oporretan ere Gaztelekua zabalik. Ekimenok antolatu dituzte jai egunotarako. Izen ematea eta informazio gehiago Gaztelekuan:
-Apirilak 15: Ilargi Berdera irteera (DBH1).
-Apirilak 25: Zumaia-Deba irteera (DBH 2).
-Apirilak 27: Ginkana Aben- tura (DBH 1).

Txokoak Aginagan
Apirilaren 15etik 26ra antolatu ditu Aginagako San Praixku Guraso Elkarteak. Apirilaren 5ean itxi zuten izen ematea. Informazio gehiago: aginaga@eskolatxikiak.org

Txorien kantuak ezagutzeko irteera
Antxomolantxa Elkarteak antolatuta, apirilaren 28an. 10:00etan Aginagako ludotekan, Mikel Olano basozainaren argibideak bideoekin. Gero, Olanorekin “txorien kantu eta soinu ezberdinak ezagutzeko aukera izango dugu denok egiteko moduko txangotxo bat eginez. Animatu! Primeran pasatuko dugu eta!”.