Herri kirolak Artzabalgo plazan eta Usurbilgo Pilota Txapelketaren hasiera asteburuan

Noaua Aldizkaria 2019ko api. 26a, 08:27

Usurbilgo 47. Pilota Txapelketa abiatuko da asteburuan. Horrekin batera, Artzabalgo plaza berritua inauguratzeko herri kirolen erakustaldia antolatu dute iganderako.

Herriko kirol taldeek atseden asteburua dute honako hau ere, baina kirol hitzorduek ez dute etenik izango opor kutsuko asteburuan.

Herri kirolak igandean, Artzabalgo plaza "estreinatzeko"
Azken hilabeteotan berritzen aritu diren Artzabalgo plaza "estreinatzeko" lagun arteko herri kiroletako desafioa antolatu dute. Igandean, apirilaren 28an ospatuko da, 12:00etan, aipatu plazan bertan. Usurbilgo bi gazte talde lehiatuko dira aizkolaritza eta txinga probetan, lokots bilketan eta lasterka. Plaza horretako komertzioek sustatu dute hitzordua, Guriak eta Laukotek.

Usurbilgo 47. Pilota Txapelketa abiatzear
"Euskal Herriko pilotari afizionatu onenak izango ditugu ikusgai Usurbilgo frontoian", adierazi du aipatu kirol elkarteak. Guztira 16 bikote, "nor baino nor txapela irabazteko". Apirilaren 26an hasi eta Usurbilgo jaietan jokatuko dira finalak. Tarte horretan neurketak astebururo jokatuko dira, ostiral arratsaldeetan eta igande goizetan. Bikoteok parte hartuko dute:
1.- Lizaso - Urbieta (Billabona)
 2.- Urbieta - Urruzola (Asteasu)
3.- Etxaniz - Otermin (Bergara)
4.- Urkizu - Labaka (Hernani)
5.- Urmeneta - Aranburu (Errenteria)
6.- Elizegi - Osa (Andoain)
7.- Ruiz de Larramendi - Quina (Lazkao)
8.- Azketa - Elizegi (Zegama)
9.- Otxandorena - Landiribar (Ultzama)
10.- Apezetxea - Murgiondo (Azpeitia)
11.- Egiguren - Aizpurua (Amezketa)
12.- Santxez - Exposito (Astigarraga)
13.- Astiz - Gaskue (Ultzama)
14.- Aldave - Canabal (Iruñea)
15.- Santxo - Alduntzin (Usurbil)
16.- Nazabal - Arbizu (Irurtzun)

Gomazko paleta txapelketa
Maiatzean hasi eta Usurbilgo jaietan amaituko den Pagazpe Pilota Elkartearen txapelketan izen emateko aukera zegoen apirilaren 18ra arte. Pagazpe Pilota Elkarteak gizon nahiz emakumeentzat antolaturiko ekimenerako izen ematea itxita dago honenbestez. Maiatzean hasiko da eta Usurbilgo jaietan jokatuko dira finalak. “Gomazko pilotaz jokatuko da, bikoteka eta partidak ostegun eta larunbat arratsaldetan izango dira”. Argibide gehiagorako: pagazpe@gmail.com edo 653 014 518 (Haritz).