Zirimarak giroturiko Andatza Eguna igandean

Noaua Aldizkaria 2019ko api. 29a, 14:16

Iaz gogotsu berpiztu bazuten, aurtengo Andatza Eguna jostalaria datorkigu. Zirimarak familia plan borobila antolatu du igandeko hitzorduaren aitzakian. 

Andatza Egun indartua eta jostalaria datorkigu aurten. Izen bereko Usurbilgo mendizaleen bilguneko zuzendaritza talde berriak urte amaieran aurreko kideen lekukoa hartu eta ibilbide berri bati ekitea erabaki zutenean, argi zuten; Andatza Eguna indartu nahi zuten. Helburua bete dute, herritar eta eragile gehiagorekin elkarlanean. Maiatzeko lehen igande honetan, urte luzeetako tradizioa berritzeko aukera izango da honenbestez; Andatzara igo, hamaiketako gozoa dastatu eta jolaserako tartea izango da. “Giro ederra izango da”, adierazi diote NOAUA!ri Andatza M.K.K.-tik. Herritarrak ospakizunotan murgiltzera animatzen dituzte.

Oraingoan, osagai berri bat izango du Andatza Egunak; jolasak. Eskola Kiroleko proiektua berritzen ari diren Zirimarako hezitzaileen eskutik Andatzara familia giroan eta jolasean igotzeko gonbita luzatzen dute. Erle Egunean egin zuten antzera, familia plan berria prestatu dute. “Sorpresaz betetako igoera izango da”, iragarri dute Udarregi Ikastola, Usurbilgo Udala eta NOAUA! Kultur Elkartea sustatzaile gisa dituen proiektuko hezitzaileek. Jolas batean parte hartzera animatzen gaituzte Andatzara igotzeko.  

“Behin Andatzara igotakoan, familia argazkia atera eta beste jolas batzuetan parte hartzeko aukera izango da. Beherako ibilbidea bakoitzak nahi duenean egingo du”, berri eman dute. Andatzara igotzeko hiru abiapuntu finkatu dituzte.

Maiatzak 5, igandea
9:00 
Ibilbideari ekiteko lehenengo hitzordua: Usurbilgo dema plaza.
9:30 Ibilbideari ekiteko bigarren hitzordua: San Estebango ermita. Haurrekin egiteko egokiagoa. Ibilbidea jolas batean parte hartuz egingo dugu. 
10:00 Igartzazabal baserrian ibilaldian sartzeko aukera.
10:30etatik aurrera, pintxoak eta sagardoa Andatzako bordan.
12:00 Familia argazkia. Andatzako borda parean. 
12:05 Jolasak Andatzako zelaian Zirimararen eskutik.
Oharra: parte hartzea irekia.

Antolatzaileak: Andatza M.K.K., Zirimara (Udarregi Ikastola, Usurbilgo Udala eta NOAUA! K.E.) eta Santueneko lagunak.