Mendi orientazioko ikastaroa, maiatzeko tailerren artean

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 2a, 08:27

Udaleko Parekidetasun Sailak antolatua, Patri Espinarrek gidatuko du maiatzetik ekainera luzatuko den emakumeei zuzenduriko ikastaroa. Ahalduntze taldeen balantzea egiteko hitzaldia ere antolatu dute. Eta tailer gehiago ere deitu dira herrian maiatzerako. Hemen xehetasunak:

Mendi orientazioko ikastaroa emakumeentzat
Patri Espinarrek gidatuta eta Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailak antolatuta,  maiatzaren 11tik ekainaren 15era, larunbatero, 9:30-13:30 artean. Lehen eta bigarren saioak Potxoenean egingo dira, gainerako lauak mendian. Izena aurrez eta doan eman daiteke bideotatik: parekidetasuna@usurbil.eus edo 943 377 110. 

“Emakumeon artean mendizaletasunak gora egin du azken urteetan, baina sarri gizonen gidaritzapean egiten ditugu mendi irteerak. Ikastaro honetan autonomia osoz, guk geuk erabakitako lekura joateko ibilbideak diseinatzen ikasiko dugu baita baliabideak eta gaitasunak eskuratu ere. Mendian era seguru batean ibiltzeko orientazioko oinarrizko ezagutza teoriko-praktikoak jasoko eta landuko ditugu. Horretarako, mapa eta iparrorratza erabiltzen ikasten jarraituko dugu era praktiko batean”.

Ahalduntze taldeen balantze hitzaldia
Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailak antolaturiko emakumeei zuzenduriko ahalduntze ikastaroen eta taldeen balantzea egiteko ordua heldu da. Balorazioa egiteko, tailerron bideratzaileetako batekin, Pepa Bojorekin hitzaldia antolatu du Parekidetasun Sailak maiatzaren 8rako 18:00etan Sutegiko auditorioan.  "Zer da ahalduntzea? Zer nolako lana egiten da talde horietan? Zein emaitza edo ondorio eragiten dute osasunean, edo norberaren aldaketa pertsonalean, edo genero harremanetan?", galdera hauen inguruan jardungo da hitzorduan.

KzGunera datozen ikastaroak
Maiatzean goizez, 9:00-13:00 artean zabalduko dute KzGunea. Hemen datozen ikastaroen berri:
-Maiatzak 2-6, 9:00-11:00 “PC, teklatua eta sagua hasieratik nola erabili ikas ezazu”.
-Maiatzak 7-20, 9:00-11:00 “Oinarrizko Interneta. Nabigatzen eta posta elektronikoak bidaltzen ikasi”.
-Maiatzak 21-30, 9:00-11:00 “Eman lehenengo pausoak argazki ukituan GIMPekin”. 
Informazio gehiago: 
tutor.usurbil@kzgunea.net
943 023 684

Origami tailerra
Sutegi udal liburutegiak antolatuta maiatzaren 10ean, 17:30-19:30 artean, 10 urtetik gorakoentzat. Izena aurrez eman beharko da, maiatzaren 6a baino lehen liburutegian bertan.

Matrikulazio garaia Haur Eskolan
Zabalik segitzen du 2019-20 ikasturterako matrikulazio garaiak Haur Eskolan. 2017, 2018 eta 2019 urteetan jaiotako haurrei zuzendua dago deialdia. Matrikulaziorako hitzordua eskatu aurrez 943 374 061 telefono zenbakian, 8:30-12:00 artean. Irailetik uztailera eskaintzen du zerbitzua Haur Eskolak, astehenetik ostiralera, 7:30-16:30 artean. "Behin ikasturtea hasita, Haur Eskolak eskaintzen duen zerbitzuaren beharra izango duzuela aurreikusten baduzue, matrikulazio garaian gurekin harremanetan jartzea eskertuko genizueke, epez kanpoko izen-emateei ezin baitiegu plaza eta ordutegia bermatu", ohartarazi dute Haur Eskolatik. Informazio gehiago aipatu telefono zenbakian edo haureskola@udarregi.eus helbidean. 

Ate irekien saioak Lanbide Eskolan
2019-20 ikasturtera begirako matrikulazio epea zabaldu aurretik, Lanbide Eskolaren proiektua eta ikastetxea ezagutzeko ate irekien jardunaldiak antolatu dituzte maiatzaren 11n eta 18an 11:00etan eta maiatzaren 15ean 18:00etan. Informazio gehiago: lhusurbil.eus / 943 364 600 / eskola@lhusurbil.eus