Harria Hitz, irisgarria eta inklusiboa aurrerantzean

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 2a, 15:22

Usurbilgo kultur altxorrak ezagutzea ahalbidetzen digun Harria Hitz ibilbidea inklusiboa izango da aurrerantzean, gaur aurkeztu duten mugikorretarako aplikazio bati esker. Egitasmoa Usurbilgo Udalak, Elhuyar Fundazioak eta AccessibleForAll enpresak sustatu dute.

AccessibelForAll enpresak irisgarritasun-aholkularitza eskaini du, horretan oinarrituta Elhuyar Fundazioak garatu du mugikorrerako aplikazioa eta Usurbilgo Udalak diruz lagundu du diziplina anitzeko elkarlana sustatu duen egitasmo hau. Lehendik ibilbide hau egiteko bazen "Adi Usurbil" aplikazioa hobetu da urrats honekin. Aplikazio hau, Harria Hitz ibilbidearen egitasmoa abiatu eta gutxira jarri zuten martxan. Orain irisgarri eta inklusibo bilakatu dute ibilbide hau, edonork egiteko modukoa. 

Egitasmo berri honen xehetasunak ostegun honetan plazaratu dituzte sustatzaileek plazan egin duten agerraldian. Eta probak ere egin dituzte. Usurbilen kalitatezko aisialdia eskaini asmoz, ezinbestekotzat jo dute herri geroz eta inklusiboagoa izatea.

Mugikorrerako aplikazioak Usurbila datorren edonork edota bertakoek ere herria hobeto ezagutzeko aukera izango dute, ezgaitasun fisikoak, kognitiboak edota ikusmen zein entzumenari lotutakoak izan edo ez. Hala, mugikortasun murriztua duten pertsonek ibilbide lagungarria eta aparkalekuen PMR plazei, komun egokituei edota puntu kritikoei buruzko informazioa jaso ahalko dute. Itsuek edo ikusmen murriztua dutenek, ibilbideko toki bakoitzeko edukia, puntu kritikoei buruzko informazioa edota orientatzeko argibideak. Entzumen urritasuna dutenek testu idatzien eta mapen bidez jasoko dute ibilbidearen gaineko informazioa. Urritasun kognitiboa dutenek erraz irakurtzeko moduko sistema izango dute eskura, Euskadiko Irakurketa Errazeko Elkarteak eginiko lanari esker. 

Aplikazio hau Android eta iOS gailu mugikorren irisgarritasun aukerekin bateragarria da eta edonork zuzenki eta malgutasunez erabiltzeko aukera ematen du. Aipatu moduan, herritar nahiz bisitari orori kulturaz, aisialdiaz edota zerbitzu publikoez duintasunez eta inolako bazterketarik gabe gozatzeko duten eskubidea bermatu nahi zaio.

Aitzindaria den egitasmo hau ahalik eta gehien zabaldu nahi dute sustatzaileek, irirgarritasuna eta inklusibotasuna zabaldu eta bermatze aldera.

(Xehetasun gehiago laster).