Belaunaldi artean landutako Txirikorda proiektu aitzindaria aurkeztu dute

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 4a, 17:11

Bi urte barru, Ugartondoko urbanizazio berrian kokatuko den Txirikorda, belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa diseinatzeko urte hasieratik abian izan den parte hartze prozesuko emaitzak aurkeztu dituzte gaur Sutegin.

Txirikorda belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioaren proiektua definitzeko urtarrilaz geroztik gazte zein adinekoak elkarlanean jarri eta txirikordatu dituen parte hartze prozesuaren emaitza aurkeztu dute larunbat eguerdi honetan Sutegin. 

Segidan dituzue emaitzak. Edozein kasutan, lanketa ez da hemen amaitzen. Orain arte diseinatu dena, nolabait esatearren, etorkizunean, garatzen, edukiz hornitzen, martxan diren beste esperientzia batzuetatik ikasiz, forma ematen joan beharreko aurreproiektu bat da. Oraindik orain, bi urte eta erdi edo igaro beharko dira, Ugartondoko urbanizazio berrian kokatuko den etxebizitza eraikia eta bizitzera sartzeko moduan ikusteko. Ordura arte aipatu moduan, beste hainbat urrats administratibo eman eta erabaki gehiago hartzen segi beharko da; orain arte bezala, tokiko erakundea eta herritarrak eskutik helduta, txirikordatuta. Komunitatean.

Orain arteko emaitza nagusiak informazio eta irudi panel desberdinetan bildu dituzte, baita etorkizuneko etxebizitza berri hau nolakoa izango den erakusten duen bideo batean. Sutegiko erakusketa aretoan dituzue ikusgai.

TXIRIKORDA PROIEKTUAREN EZAUGARRIAK
Etxebizitzon izaera: publiko-komunitarioa.
Nori zuzendua: emantzipazio fasean diren gazteei eta dependentziarik gabeko adineko pertsona autonomoei.
Kokagunea: Ugartondoko urbanizazio berrian, Ugartondo baserri ondoko orubean.

SARRERA BALDINTZA
BALDINTZA OROKORRAK
Errolda: beharrezkoa izango da 3 urtez Usurbilen erroldatua egotea.
Belaunaldi arteko oreka: adin arteko oreka bilatuko da. Eskaeren arabera portzentaia aldagarria izan daiteke.
Generoa: neurri zuzentzaileak aztertuko dira etorkizunean beharrezkoa izanez gero.
Formakuntza: Txirikorda proiektuan etxebizitza aukera bat izateko Udaletik eskainiko den formakuntza egitea ezinbestekoa izango da.

GAZTEENTZAKO BALDINTZA ESPEZIFIKOAK
Sarrera baldintzak: 18-30 urte artean izatea.
Egonaldia: mugatua.
Errenta: diru sarreren araberakoa, diru sarreren %15a. Diru sarrera finkorik ez dutenen kasuan solbentzia ekonomikoa justifikatu beharko da, eta gutxieneko errenta bat ezarriko da gastuak kubritzeko.
Jabetza: ezingo dute etxebizitzarik jabetzan izan.

ADINEKOENTZAKO BALDINTZA ESPEZIFIKOAK
Sarrera baldintzak: 60 urte edo gehiago izatea.
Egonaldia: mugagabea, beti ere dependienteak ez diren artean.
Errenta: pentsioaren araberakoa.
Jabetza: jabegoa izatekotan, konpromiso bat sinatu beharko dute eta urtebeteko epea izango dute beraien etxebizitzak erabilera duela justifikatzeko, hau da, hutsik ez dagoela justifikatzeko. Justifikaziorako bideok egongo dira: errolda agiria, alokairu kontratua, Alokabiden izena emanda egotea...

ETXEBIZITZEN EZAUGARRIAK
Espazio komunitarioak: egongela, sukaldea, jangela, garbiketa gela eta erabilera anitzeko gela.
Etxebizitza pribatuak: apartamentu pribatuak, sukalde, bainugela, egongela eta logelarekin. Guztira 16.

SOLAIRUKA
Eraikinaren disienua bertako erabiltzaile izango diren gazteen eta adinekoen beharretara eta bereziki izaera komunitario horretara egokitu dute. Hala, espazio komunitarioak eta eremu pribatuak bat egingo dute eraikin berean. Ez soilik eraikinaren behealdean, baita etxebizitzen artean ere. 
Semisotoa:
 egongela komunitarioa, garbiketa gela, trastelekuak, instalazio gelak, erabilera anitzeko gela.
Behe oina: sukalde eta jangela komunitarioa, komunak.
Lehen oina: bi logelako 2 etxebizitza, logela bakarreko 4 etxebizitza.
Bigarren oina: bi logelako 2 etxebizitza, logela bakarreko 4 etxebizitza.
Hirugarren oina: terraza komunitarioa, bizilagunentzako terraza, bi logelako etxebizitza 1, logela bakarreko 3 etxebizitza.

KOMUNITATEAN BIZITZEKO KONPROMISOAK
BARRURA BEGIRAKO JARDUERAK: Zer nolako jarduerak burutu daitezke etxeko biztanleentzako?
Afari tertuliak, barne zaintzarako saioak, bizilagunen gaitasunak partekatzea, barne kontsumoa antolatzeko jarduerak...

ANTOLAKETA GUNEAK: batzarren maiztasuna, batzorde zehatzak, Udalarekin hartuemana, arduren banaketak...
Gune autogestionatua izan behar da. Etxeko komunitateak egin behar du egunerokotasunaren kudeaketa; gune nagusia Batzarra izango da; arlokako batzorde eta lantaldeak osatuko dira; aurrez formakuntza erabiltzaile berriekin...

ELKARBIZITZARAKO ARAUAK: espazio komunen kudeaketa, elkar zaintza...
Komuna eta pribatua dena ondo bereizi; garbitasuna mantendu; ordutegiak eta isiltasuna; balorazio saioetan parte hartu;... Irizpide orokorrak: konpromisoa, adostasuna eta errespetua.

KONTSUMO KOLEKTIBOAK: planteatu liteke zenbait kontsumo kolektiboak izatea? Zeintzuk eta zer irizpiderekin?
Irizpideak: KM0 eta ekonomia zirkularra; energia jasangarria; trukerako gunea edo tabloia; kontsumo partikularra eta kolektiboa ondo zehaztu...

KANPORA BEGIRAKO JARDUERAK: zer nolako jarduerak burutu daitezke kanpora begira? Zer nolako gaiak dira landu daitezkeenak?
Tailerrak, tertuliak edo zine forumak arrakastatsuak direnean irekiak egin; Txirikorda esperientzia partekatzeko hitzaldiak; jangela irekia...


Proiektu honen sustatzaileak: Usurbilgo Udala, Hiritik At Kooperatiba eta LZB Arkitektura.