Balantze gozoa, Txirikorda proiektuaz: "Bi kolektiboen ikuspuntuak osagarriak direla ikusi dugu"

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 4a, 16:00

Gazteak eta helduak elkarlanean txirikordatu dira azken hilabeteotan. Bi urte eta erdi barru inguru, Ugartondoko urbanizazio berrian kokatuko den belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioaren proiektua auzolanean diseinatzen aritu dira. Amaitu ez den baina orain arte egin duten lanketa gaur aurkeztu dute Sutegin.

Usurbilgo Udalak, Hiritik At Kooperatibak eta LZB Arkitekturako ordezkariek parte hartu duten ekitaldian, hitza hartu dute baita, etxebizitza honen diseinu lanetan aritu diren zenbait herritarrek. Guztien ahotan, esperientziaren berritasuna eta zer aberasgarria izan den.

Xabier Arregi: "Gu guztion artean egindako proiektu bat izan behar du"
Pozik agertu da Usurbilgo alkatea proiektuak herri barruan nahiz herritik kanpo izan duen harrerarekin. Herritik kanpo, hedabide ezberdinek, baita jubilatu zein zaintza elkarteetatik deitu baitute Usurbilera, Txirikorda proiektua ezagutzeko jakinminez. Proiektu honek bi kolektiboen, gazteen eta adinekoen beharrei erantzungo die: gazteen emantzipazio beharrei eta bizimodu erosoagoa, isolamendutik urrun lagunduagoa izateko adinekoen beharrei erantzungo die. "Proiektu bakar baten bidez bi behar horiei erantzun geniezaiekeela ikusten genuen", zioen alkateak Sutegin.

Bi kolektibo hauekin izandako hartuemanetan egitasmoak harrera ona izan zuela ikusita, "konplizitateak sortzen" hasi ziren. Argi zuen Udalak proiektu hau ezin zela erakunde barrutik garatu, "gu guztion artean egindako proiektu bat izan behar du. Hau gorpuztuko bada, guztion arnasa behar du". Proiektu honen oinarria jada finkatzen, sortzen ari diren arren, gogorarazi duenez "ez da burutu eta hemen badugu eginkizun handi bat; orain arte egindakoa hoztu eta ahaztu ez dadin lanean segitzea". 

Ugartondon kokatuko den etxebizitza eraikia izan eta bizilagunez bete aurretik, oraindik bi urte eta erdi edo geratzen dira. Tarte honetan, "bide orri bat sortu beharko dugu eta proiektuari pixkanaka indarra eman denon artean".

Maddi Egizabal: "Norbere esperientzia, jakintza... elkarrekin elikatu eta eraikitzeko aukera emango du"
Inposatutako bizimodu bakar horretatik beste bizimodu batera igarotzeko aukerak ilusionatuta eta gogotsu parte hartu du Maddi Egizabalek Txirikorda definitzeko parte hartze prozesuan. "Guretzat gurasoen etxetik ateratzerakoan alternatiba da", nabarmendu du gaurko Sutegiko ekitaldian.

Egitasmoaren izaera komunitarioa du gustukoen Txirikordatik. "Norbere esperientzia, jakintza... elkarrekin elikatu eta eraikitzeko aukera emango du, eta hori herritari transmititzekoa".

Urtarrilaz geroztik bideratu duten belaunaldi arteko elkarlana interesgarritzat jo du, "adin bakoitzak zer behar, arazo dituen ikusteko. Horiek guztiak mahai gainean jartzeko nola elkartu garen ikustea asko gustatu zait". 

Era berean, beldur modukoa ere sortu zaiela zioen Egizabalek, era asanblearioan edo komunitarioan funtzionatzea ez dela erraza izango eta beharrezkoa iruditzen zaio, etxebizitza komunitarioan biziko denak aldez aurretik aurreikusia dagoen formakuntza jasotzea. 

Itziar Ilarramendi: "Orain da garaia apustua egin eta aurrera egiteko"
Lagun baten eskutik izan zuen Txirikorda proiektuaren berri Itziar Illarramendik. "Komunitate txiki batean, adin beretsuko jendea, interes berdinak... ze ondo!". Baina gero jakin zuen belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa izango zela. "Gure arteko elkarbizitza erraza ez bada, belaunaldi artekoa zer ote da?" galdetzen zuen Illaramendik. Elkarbizitza horrekiko zailtasunak, beldurrak, eta segurtasun falta, "denak bueltaka" izan eta parte hartze prozesua uzteko tentazioa ere izan omen zuen. 

Baina bere buruari galdetzen zion, "noiz jaitsi behar da utopiatik errealitatera, horrelakoetan ezta?". Hasieran zailak edo ikusezinak ziruditen beste hainbat proiektu egon izan dira bere esanetan, gerora aurrera atera direnak. Txirikordaren beharra ere badela gaineratu du. Eta beharrak batzen dituela proiektu honek txirikordatzen dituen bi kolektiboak. "Gazteek behar asko dituzte, gurasoen etxetik ateratzerakoan. Guk ere bai, bat oso urruti bizi delako, besteari etxea handia geratu zaiolako, bestea bakarrik geratu delako, bakardadea baita gure kolektiboaren gaixotasun handiena etorkizunean...".

Horregatik zioen, "orain da garaia apustua egin eta aurrera egiteko. Udalaren aldetik ikaragarrizko oparia da proiektu hau. Hutsetik abiatu ginen, denetarik egin dugu. Altxor izugarria iruditu zait parte hartzea. Gustura ibili naiz, ilusionatua", adierazi du. Hasieran zuen ikuspegia zeharo aldatuta heldu da gaurko aurkezpenera. "Kooperazioa, solidaritatea, auzolana, ezaugarri horiek herraminta bezala hartuta, ni belaunaldi arteko elkarbizitza komunitarioaren alde". 

Karlos Renedo: "Bi kolektiboen ikuspuntuak osagarriak direla ikusi dugu"
Usurbilgo Udalarekin batera, parte hartze prozesua Hiritik At Kooperatibak dinamizatu du. "Guretzat oso proiektu polita izan da, berritzailea", zioen kooperatibako kide Karlos Renedok. Oroitzen zuen nola hasieran, parte hartze prozesuan espazio komun batzuk sortu eta erabaki batzuetarako bi belaunaldiak bereiztea aukeretako bat izan zitekeela. Baina "unitate bat sortu nahi bagenuen, argi genuen hobeto zela hasieratik erabakiak eta eztabaidak mistoak izatea".

Egindako apustuarekin asmatu dutela zioen. "Oso ondo joan dira saioak eta bi kolektiboen ikuspuntuak osagarriak direla ikusi dugu, baliagarriak izan dira baita besteen beharrak, nahiak ezagutzeko".

Herritik kanpo ere oihartzuna izan du Txirikordak. Bai hedabideetan eta horrekin batera, "proiektua hainbat lekuetan aurkeztea eskatu digute, erronka polita izan da". 

Gaurko aurkezpen ekitaldian, saioetan landutakoa azaldu du. Hitz gutxitan komunitatean egindako lanketa izan dela nabarmendu du. Urtarrilaz geroztik abian izan den parte hartze prozesuan Txirikordari forma ematen joan dira. Proiektuaren ertz ezberdinei lotutako erabakiak hartzen. Gero erabakiok udal talde eta teknikariek berretsi dituzte.