GARAren egoera bidegabe eta larria ezagutzeko solasaldia 19:00etan Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 9a, 07:48

Solasaldia GARA babesteko Usurbilgo herri batzordeak antolatu du. Ostegun arratsaldeko 19:00etan hasiko da Potxoenean, Iñaki Telleriaren eskutik.

Kinka larrian da urtarrilean 20 urte bete zituen GARA egunkaria. Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz 1998ko uztailean ilegalki itxitako Eginen 4,7 milioi euroko zorrari aurre egin beharrean aurkitzen da, eta honenbestez, gu guztion babesa eta bultzada behar du. 

Injustizia honi aurre egiteko hainbat herri batzorde osatu dira Euskal Herriko txoko ezberdinetan. Usurbilen baita. GARAren egoeraren larritasunaz ohartarazi diote NOAUA!ri. “Une oso larria da eta kontzientzia hartu behar dugu zer edo zer egin behar dugula, lagundu behar dugula. Egoera oso larria eta kritikoa da eta horretaz kontzientziatu behar gara. Daukaguna galdu baino dugunari eustea errazagoa izango dela”. 

Egin itxi zuten garaian Usurbilek erantzun aparta eman zuela gogorarazi dute batzordetik, eta orain ere gauza bera egitera deitzen dute herria.

GARAren egungo egoeraren gaineko xehetasun guztiak ezagutzeko solasaldia antolatu dute maiatzaren 9an 19:00etan Potxoenean. Aipatu egunkariko zenbait ordezkari bertaratuko dira kultur etxera bizi duten egoeraren gaineko argibideak eskaintzera. Egoera zail eta bidegabe hau iraultzeko abian jarri dituzten ekimenen, tartean harpidetza kanpainaren nondik norakoen berri ere emango dute.

Itxiera ilegal batetik
GARAri Egini bidegabeki egotzitako zorra leporatzen zaio. Honen jatorria ulertzeko 20 urte egin behar dugu atzera. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzon epailearen aginduz 1977an abiaturiko Egin egunkaria eta irratia itxi zituten 1998ko uztailean. "Euskadi Informacion" izeneko egunkaria kaleratzen hasi ziren biharamunean eta proiektu berri bat abiatzeko herri finantziazio kanpaina bati ekin zioten. 1999ko urtarrilean jaioko zen aurten 20 urte bete dituen Gara egunkaria. Handik gutxira, 2000ko uztailean Egin ixteko agindua eman zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile berak, Baltasar Garzonek “enpresen ondorengoza” ezarri zion GARAri eta hiru urte beranduago, 2003ko ekainean Gizarte Segurantzak aipatu egunkariko enpresa Baigorri eta KIE Egin-en zorraren “erantzule solidario” ebatzi zituen. GARA 4,7 milioi euro ordaintzera derrigortu zuten. 

Urrunago heldu zen auzia; 2007ko abenduan, auzitegi berak espetxe zigorra ezarri zien Eginen arduradunei. Hartutako erabaki guztion ostean, 2009ko ekainean Espainiako Auzitegi Gorenak Egin egunkariaren eta irratiaren itxiera bidegabea zela aitortu zuen. Itzelezko eta atzera bueltarik ez zuen kaltea egin ostean noski.

Orain 4,7 milioi euro ordaindu beharrean aurkitzen da gara. Urte hasieran Gizarte Segurantzarekin hitzartutakoaren arabera, sei hilabetero 500.000 euroko ordainketak egitera behartua dago GARA. “Lapurreta bat eta eraso bat prentsa askatasunari” hitzokin definitzen dute egunkariko kideek bizitzen ari direna. “Zentzugabekeria itzela da eta horregatik eskatzen diegu babesa euskal erakundeei eta laguntza gizarteari” . 

10.000 harpidedun berri behar
Egoera bidegabe honi aurre egiteko harpidetza kanpaina abiatu du GARAk, erronka argi batekin; ekainerako 10.000 harpidedun gehiago eskuratu nahi dituzte. “Milaka herritar solidario horiek behar ditugu bi urte hauetan gure aldamenean GARAren aurkako lapurretari aurre egin ahal izateko. Denon artean komunikabideen euskal ekosistemaren aniztasuna bermatu beharra daukagu. Gure balioak eta gure proiektuak defendatu beharrak ditugu”. 

Harpidetza egiteko aukera eta konpromiso maila ezberdinak dituzue eskura. Informazio gehiago eskainiko da maiatzaren 9ko hitzaldian. Argibide gehiago jaso ditzakezue baita, bideotatik: naiz.eus atariko “Harpidetza” atala, 943 316 999, harpidetzak@gara.infoeta Portuetxe, 23-2a. 20018 Donostia helbideetan, edo GARA babesteko Usurbilen sortu den herritarren batzordeak asteotan herrian jarriko duen mahaian baita.

Kanpaina honekin batera, asteburuan GARA babesteko kanpainarekin bat egin duten euskal sortzaile hainbatek, tartean Jose Luis Zumeta usurbildarraren xafla bat eskuratzeko aukera izango da. Ekainaren 9an Anoetan elkartasun jaialdia antolatu dute. Sarrerak salgai jarri bitan, lehenik Anoetan ospatzeko, gero aforoa handitzeko Illunbera lekuz aldatu eta gune honetarako sarrerak ere agortu dira.