"Soinujolearen semea" filma eta "Zoaz pake santuan" antzezlana, Jexux Artzeren omeneko asteburuko hitzorduak

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 10a, 08:49

Asteburuan izango diren bi ekitaldietarako sarrerak aurrez eskura ditzakezue Lizardi liburu dendan. Bestela, egunean bertan Sutegin. 

JEXUX ARTZE K.E.-ren UDABERRIKO EKITALDIAK SUTEGIN


Maiatzak 10, ostirala
20:00 "Soinujolearen Semea" (pelikula)
Zehaztasunak: Fernando Bernuesek zuzendu duen pelikula honen gidoia Patxo Telleriak idatzi du Bernardo Atxaga idazlearen nobela ezaguna egokituta. Eleberrian bezala, David eta Joseba izango dira pelikularen ardatza: AEBetara joan zen bizitzera David eta orain hilzorian dago. Josebak, txikitako lagun minak, bisita egingo dio eta horren bidez, bien iragana errepasatuko da. Frankismoa, ETAn izan zuten parte hartzea, Gerra Zibilaren oihartzunak, tortura, traizioa. Adiskidetasunari, traizioari eta indarkeriari buruzko istorio hunkigarri honekin Euskal Herrian bizi izandako historia aztertzen da.
Zuzendaria: Fernando Bernues
Sarrerak: 5 euro Lizardin aldez aurretik eta egun berean lehiatilan.


Maiatzak 11, larunbata
20:00 "Zoaz Pake Santuan" (antzezlana)
Zehaztasunak: Komedia bizi, freskagarri eta barregarri honek umore beltzetik kontatzen du bikote baten porrota: gaizki esanak, haserreak, adiskidetzeak. Anek daraman bizimodu aspergarriarekin amaitzeko erabakitzen du Mikel pozointzea dela onena. Berehala, ordea, irauli egiten da kontua eta etxean giltzapetuta gelditzen dira biak. Orduan hasten da benetako gorabehera: elkarri inoiz esan gabeak esaten dizkiote. Hala, etenik gabeko elkarrizketetan murgilduko dira protagonistak. Eta, erritmo horri eusteko, ezinbestekoa izan da bi aktoreen arteko lan sakona.
Zuzendaria: Begoña Bilbao.
Aktoreak: Ane Gabarain eta Mikel Laskurain.
Sarrerak: Lizardin 8 euro aldez aurretik, 10 euro egun berean (leihatilan).


Maiatzak 24, ostirala
20:00 "H-Artzetik, poesia musu zapietan" (ikuskizuna)
Zehaztasunak: Sorkuntza kolektibo baten bidez Joxan Artzeren ibilbide poetikoaz egindako irakurketa eta berrinterpretazio bat da. Ordubete inguruko emanaldi honetan diziplina ezberdinak barnebiltzen dira: Artzeren eta ikuskizunaren egileen poemen errezitaldia, zuzeneko musika, arte plastikoak eta ikus-entzunezko proiekzioa. Txakur Gorria kolektiboa duela hiru urte sortu zen. Sorkuntza kolektiboan irudia eta testua lantzen du hainbat euskarritan. Oraingoan Artzeren obra guztiak bildu, irakurri eta aukeraketa bat egin ondoren, horri forma eman eta eszenaratzeko modua aurkitu dute. 
Egileak: Txakur Gorria kolektiboa (Malen Amenabar, Mariñe Arbeo, Ane Labaka eta Nerea Ibarzabal) eta Peru Galbete musikaria.
Sarrerak: Lizardin 8 euro aldez aurretik, 10 euro egun berean (lehiatilan).

Antolatzailea: Jexux Artze K.E.