Udal hauteskundeak 2019

#M26 Beterri Buruntzako EHBilduko alkategaien agerraldia: "Datorren legealdian gure mankomunitatea errealitate bat izango da"

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 7a, 10:53

"Gure herri eta gure eskualdeko herritarron bizitzak hobetuko dituzten egitasmo eta politikak lantzea, bultzatzea eta gauzatzea". Konpromiso honekin aurkeztu dira hedabideen aurrera, maiatzaren 26ko udal hauteskundeetara aurkeztu diren Beterri Buruntza eskualdeko EHBilduren 6 alkategaiak: Andoni Alvarez (Andoain), Xabier Urdangarin (Astigarraga), Xabi Lertxundi (Hernani), Jon Martin (Lasarte-Oria), Ainara de Miguel (Urnieta) eta Agurtzane Solaberrieta (Usurbil).

Eskualdeko herritarrak hobeto bizitzeko, bizi kalitatea hobetzeko konpromisoa erdietsi dute astearte eguerdi honetan, Lasarte-Orian egin duten agerraldian. "Hori da gure garapen eredua, garapen ekonomikoa, soziala, komunitarioa eta personala batuko dituen eredua". Tokian tokiko baliabideekin, herritarren bizitzak baldintzatu eta antolatzen dituzten politiken diseinuan eta inplementazioan parte hartuko duen eredua, EHBilduren esanetan.

Amaitzear den 2015-19 legealdi honetan sei udaletako udalbatzek onartu ostean, lehen urratsak eman ostean honenbestez, datozen hauteskundeetatik osatuko diren udal berriek datorren 2019-2023 legealdian aipatu ereduan sakontzen lagunduko duen egitasmoa nabarmendu nahi izan dute. "Datorren legealdian gure mankomunitatea errealitate bat izango da", adierazi dute EHBilduko sei alkategaiek.

Gogoan izan, Beterri Buruntzakoa dela, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoa osoan egitura juridiko administratibo propiorik ez duen eskualde bakarra. Zortzi urte daramatzate gaur gogorarazten zutenez, udaletatik "lanean, eskualdea batu, kohesionatu eta elkarlanean egitasmo eta jarduerak bideratzen". Horren aldeko apustua berresten dute eskualdeko udaletako EHBilduko alkategaiek. "EHBilduk eskualdeak indartzeko eta euren arteko orekaren aldeko apustu argia egiten du, Gipuzkoa orekatu baten alde finean". 

Abiatzear den legealdi berrian, eskualdeko EHBilduko alkateen orain arteko elkarlanean sakontzeko aukera izango dutela ziurtatu dute, "ziur gaude datorren legealdian gehiago izango garela herritarren bizi kalitatea hobetzeko lanean". 

Zerbitzu eta azpiegitura parekideak
Ildo horretan, Beterri Buruntzak ere mankomunitatea propioa izateak zerbitzuen berdintasuna sustatzeko aukera ezinhobea emango duela adierazi dute, "ez baitugu sinesten hiriburuan soilik pibotatzen duen Gipuzkoa batean. Gipuzkoar guztiak lehenengo mailako herritar izango diren Gipuzkoa borrokatuko dugu". Egun sei udalerrien artean, baliabide, azpiegitura eta zerbitzuetan dauden desberdintasunak gainditze bidean jarriko ditu Mankomunitateak, beste eskualdeekin parekatu eta gainerakoek jasotzen dituzten zerbitzu eta aukera berdinak izatea sustatu nahi du koalizioak. Adibide moduan aipatu dutenez, Lanbideren enplegu planak edota Foru Aldundiaren egitasmo eta laguntzak eskualdera heltzeko zubia izango da mankomunitate berria. 

"Gure eskualdeko herritar guztien beharrei berdin erantzungo dien baliabideak eskainiko dizkie. Gure sei herrietako biztanleek maila bereko herritarrak izatea dugu helburu, beraien beharrei modu berean erantzutea herriz herri, herritarrak baitira gure politiken erdigune", adierazi dute sei alkategaiek.