"Urte osoan zehar eginiko lana erakutsiko dugu"

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 7a, 17:32

Maiatza ekitaldiz gainezka dator Usurbilera. Andatza Eguna eta Sagardo Eguna urteroko derrigorrezko zita badira ere, maiatzaren 11 eta 12rako kiroldegian izango da zer ikusirik. Tximeleta Taldeak gimnasia erritmikoko topaketa antolatu du Oiartzun, Donostia, Pasaia eta Usurbilgo gimnasten artean. Erakustaldiaren nondik norakoak ezagutzeko Veronica Garcia, Itxasne Telleria eta Mirene Telleria herriko taldeko entrenatzaile eta bakarlariekin izan da NOAUA!.

NOAUA! Tximeleta taldearen topaketa leku desberdinetan izan da orain arte, nahiz eta gehienetan Oiartzunen izaten den. Aurten Usurbilen izango da, zer dela eta?

Veronica Garcia: Urtero aldatzen da lekua. Kiroldegiak libre dauden ikusi behar da, eta horren arabera erabakitzen da. Normalean Oiartzun edo Usurbilen egiten da, bi herri horietan bakarrik daudelako tapizak. Tximeletako gainontzeko taldeek gela txikietan entrenatzen dute non ez den altuera eta espazio nahikorik izaten aparatuak botatzeko.

Itxasne Telleria: Kiroldegi txikietan dabiltzan gimnastei kosta egiten zaie txapelketetan aritzea, ez baitaude ohituta gisa horretako lekuetara. Pilotarekin baldin badabiltza, tira zerbait egin daiteke, baina uztaia bezalako aparatu dinamikoarekin zailagoa da. Orduan, askorentzat lehen aldia izango da aparatua hainbat metroko altueran jaurtiko dutena.

 

Planteamentu aldetik, erakustaldia izan ohi da. Aurten ere horrela izango da edo txapelketa modura ulertu behar da?

V.G: LH3 eta LH4ko umeentzat erakustaldi bat izango da, ez neurketa. Zaharragoen kasuan, ordea, txapelketa. Sari banaketa egingo da amaieran lehen hiru postuak lortu dituzten talde eta bakarlariak zehazteko. Gainontzekoek diploma eskuratuko dute.

I.T: LH5 eta LH6koak mazoekin eta xingolarekin arituko dira eta DBHkoak ere berdin. Egia da DBHko ikasle gutxik hartzen dutela parte topaketa honetan, beste txapelketa batzuetan dutelako burua eta abar.

 

Herrian zenbat talde eta bakarlari daude eta zein adinetakoak?

I.T: 10 bat talde eta beste horrenbeste bakarlari gara.

Mirene Telleria: Bakarlari asko gaude. Gimnastak handitzen doazen heinean kirola uzten dute ikasketak direla medio. DBHn talde gutxi egoten dira, bakarrik geratzen gara eta taldeak sortzeko zailtasunak izaten ditugu. Pentsa txapelketetan ere elkarren aurka aritzen garela, eta nire kasuan nire ahizparen aurka ere bai [Mirene eta Itxasne ahizpak dira].

 

Zuek entrenatzaileak izanagatik ere, gimnasta izaten jarraitzen duzue. Bi paperak egingo dituzue igandean, edo haurrekin baino ez zarete arituko?

I.T: Ez, guk ez dugu parte hartuko. Talde pila bat ditugu haurrekin eta tapizera atera aurretik gurekin egoteko beharra daukate. Nik lau talde baino ez ditut, baina lan handia denekin beroketak egin eta dantza ensaiatzea.

V.G: Nik hamar talde ditut, eta horietatik 9k igandean hartuko dute parte. Pentsa horrek zer-nolako lana suposatzen duen ez bakarrik beraiekin egoteko, baizik makilatzen eta aurreprestakuntza lan horretan.

M.T: Nik bi talde ditut eta bakarlari bat.

 

Horrelako txapelketek antolaketa handia eskatzen dute. Taldean zenbateko prestutasuna erakutsi dute marrazain lanak egin eta tapizak prestatzeko?

I.T: Antolaketa lan hori Tximeletako zuzendaritzak egiten du. Guk alde horretatik entrenatzaile funtzioa baino ez dugu.

V.G: Epaimahaiko kideak entrenatzaile titulua eta epaile titulua dutenak baino ez dira izaten. Lan hori ezin du edonork egin. Marrazain lana normalean taldeko edonork egiten du, gimnastaren bat tapizetik atera den neurtzea baita euren lan bakarra. Taldeko gimnasta pare batek egingo dute lan hori, infantilek edo.

 

Tximeleta taldea zenbait herri eta auzotako neska-mutilek osatzen duzue. Baduzue harremanik horiekin?

V.G: Nik uste gehienok ezagutzen garela. Entrenatzaileok topaketetan eta txapelketetatik ezagutzen gara. Ordezkapenak ere egiten ditugu beharrezkoa denean, beraz, beti gaude kontaktuan.

I.T: Tximeletak udajolas antolatzen du eta modu horretan herri askotako gimnastak elkartzen dira. Normalean, hala ere, eskolen artean ez dago harreman handirik.

 

Larunbat eta igandean kiroldegira hurbiltzen direnek zer nolako lanak ikusteko aukera izango dute?

V.G: Urte osoan zehar eginiko lana erakutsiko dugu. Maila bakoitzari aparatu bat dagokio, eta beraz, aniztasuna egongo da. Lan horiez gain, Tximeletako talde guztien artean osatu dugu euskararen aldeko koreografia bat, eta gimnasta guzti-guztion artean egingo dugu ekitaldiaren amaieran, sari banaketaren aurretik.

I.T: Urtero egiten dugun planteamentua da euskararena. Badira bizpahiru urte euskararen txantxangorriaren harira lanean hasi ginela eta urteroko ohitura bilakatu da.

 

Aldaketak eta ohiturak hizpide, joan zen denboraldia izan zen azkena Leticia Vicente entrenatzailearekin. Urte askoan Usurbilgo Tximeletaren gidaritzapean aritu zen, baina aurten entrenatzaile berriak dituzue. Aldaketa horrek taldean bertan izan du eraginik?

V.G: Nabaritzen dugu bere falta, entrenatzaileok bai behintzat. Gimnasian entrenatzailearekin sekulako harremana sortzen da, elkar ezagutza asko lantzen da. Entrenatzaile berriekin arazoa hori izaten da, ezagutza eta gertutasun falta.

I.T: Pixkanaka lantzen da konfidantza kontu hori eta bide honetik goaz. Txikienek ez zuten Leticia ezagutu, zaharrenon entrenatzailea baitzen. Beraz, haren falta bakarlariok somatzen dugu gehien.

M.T: Gu txikiak ginean Leticia denontzat egoten zen. Berak bakarrik eramaten zituen talde guztiak. Orain, ordea, geroz eta haur gehiago dago eta ezinezkoa da pertsona bakarra horrenbeste pertsona entrenatzea. Soraiak hartu du zaharrenak entrenatzeko ardura eta Ainhoa gehiago aritzen da taldeekin.

 

Azken denboraldietan herriko gimnastaren bat finalera ere iritsi izan da. Aurten ere baten bat sartu da Gipuzkoa edo Euskadiko finaletan?

I.T: Bakarlari gehienok Gipuzkoako finalera pasatu gara. Azpeitian izango da maiatzaren 19an.

V.G: Nik aurten ez dut txapelketetan parte hartu belauneko lesio baten ondorioz, baina orokorrean urtero pasatu izan naiz Gipuzkoako finalera. Joan zen denboraldian Euskadikoan ere izan nintzen, Durangon. Gipuzkoan urrezko domina irabazi nuen mazoekin eta brontzea pilotarekin. Zerrenda orokorrean bigarren postua lortu nuen eta A mailara iritsi nintzen. Euskadiko txapelketan, ordea, aparatu bat defendatu nuen, baina bigarrenarekin hasterako lesio bat jasan nuen eta ezin izan nuen txapelketa amaitu.

 

Urtean zehar egindako lana herrian erakusteko urtero antolatzen duzue kurtso amaieran erakustaldia. Aurten ere antolatuko duzue edo asteburuko ekitaldiak izango dira azkenak?

I.T: Ekainaren 12 edo 14an izango da ziurrenik. Asteartean edo ostegunean izango da, arratsaldeko 5ak aldera. Ordena jarrita daukagu jada eta denon artean egingo dugun dantza modernoa ere martxan daukagu.

M.T: Aurten Queen izango da dantza modernoaren gaia.  Maila bakoitzeko haurrek aipatu taldearen abesti batekin egingo dute dantza eta gero denen artean euskararen aldeko dantza ere egingo dugu.

V.G: Hilabete baino ez da falta denboraldia amaitzeko eta amaiera hori ahalik eta borobilena izateko lanean ari gara orain.