Udal hauteskundeak 2019

#M26 Posta bidezko bozka emateko epea bi egun luzatu dute, maiatzaren 24ra arte

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 10a, 07:53

Udal, foru eta Europako hauteskundeetarako kanpaina abiatu berritan eman da ezagutzera posta bidez bozkatzeko epea luzatu dutela bi egunez, maiatzaren 24ra arte. 

Espainiako Gorteetako apirilaren 28ko hauteskundeetan bitan luzatu zuten posta bidez bozkatzeko epea. Maiatzaren 26ko udal, foru eta Europako hauteskundeetan ere gauza bera gertatu da; aurreikusia zegoena baino bi egun gehiagoz luzatu dute epe hau. Maiatzaren 24ko arratsaldeko 14:00ak arte bozkatu ahalko da aurrez eta posta bidez, hilaren 26ko hitzordu hirukoitzerako. Hau da, hauteskunde kanpaina amaituko den egun berean itxiko da, modalitate honetan botoa emateko epea ere. Hala erabaki du Hauteskunde Batzorde Zentralak.

Gogoan izan, maiatzaren 16ra arte eska dezakezue posta bidez bozkatzea Correoseko bulegoan, ez ahaztu nortasun agiria eramatea. Hauteskundeetarako aurrez posta bidez bozkatzea eskatu duzuenok, beharrezko dokumentazioa maiatzaren 19a baino lehen jasoko duzue. Eta gero, jasotako dokumentazio horrekin eman ahalko da bozka posta bidez,  maiatzaren 24ko 14:00ak arte.

Zubietako Herri Batzarrako hauteskundeei dagokienean, gogoan izan; aurrez bozkatzeko eguna finkatu da, maiatzaren 20an. Zubietar bakoitzak dagokion udaletxera, Usurbil eta Donostiakora gerturatu ahalko du bozka ematera, udaletxeak zabalik diren ordutegian.

UDAL, FORU ETA EUROPAKO HAUTESKUNDEEN EGUTEGIA
Apirilak 2-maiatzak 16: posta bidez bozkatzeko eskaera egitea Correosen.
Maiatzak 6-19: posta bidez bozkatzea eskatu dutenei dokumentazioa helaraztea.
Maiatzak 6-24: posta bidezko bozka bidaltzea Correos bidez.
Maiatzak 10-24: hauteskunde kanpaina.
Maiatzak 26: hauteskunde eguna, 9:00-20:00 artean.
Erakunde berrituen eratzea: udalak ekainaren 15ean, Batzar Nagusiak ekaineko bigarren hamabostaldian eta Europako Parlamentua uztailaren 2an.

ZUBIETAKO HERRI BATZARREKO HAUTESKUNDEEN EGUTEGIA
Maiatzak 20: aurrez botoa emateko aukera Usurbilgo Udaleko Idazkaritzan, goizeko 08:00etatik 14:30etara.
Maiatzak 26: hauteskunde eguna, 9:00-20:00 artean Alamandegi etxean. Zubietar bakoitzak botu-txartelean bi hautagai hautatuko ditu.