Egurrezko Sagardo eta Sagar Muztio txapelketen sari banaketa eguerdian

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 19a, 08:57

Maiatzaren 19ko 38. Sagardo Egunez ospatuko diren 3. Egurrezko Sagardo Lehiaketan eta estreinakoz antolatu den Sagar Muztio Txapelketan parte hartzeko izen emateko epea ostiralean itxi zuten. Gaur eguerdian frontoian, epaimahaiaren erabakia eta sari banaketa.

Ondoko kartelean dituzue bi txapelketa hauetan parte hartzeko finkatuak zeuden oinarriak. Modalitate batean edo bestean parte hartzeko sei botila aurkeztu behar ziren, "denak kalitate berekoak". 

Euskal Herri mailako txapelketak ditugu biak, honenbestez, Euskal Herriko edozein sagardogile edo muztioegile lehiatzeko aukera zegoen. Hiruna sari egongo dira jokoan; 800 euro eta Usurbilgo Herriko Etxea sari nagusiaren ziurtagiria txapeldunarentzat; bigarren saria, sagardogintza materialetan xahutzeko 250 euroko txartela eta sariaren ziurtagiria; hirugarren saria, 100 euroko txartela sagardogintza materialetarako eta sariaren ziurtagiria.

Sari banaketa, maiatzaren 19ko 38. Sagardo Egunaren baitan ospatuko da, frontoian, eguerdiko 12:30etan.

Urdaira, lehen bi edizioetako txapelduna
Aipatu moduan, estreinakoz antolatu da oraingoan sagar muztioari lotutako txapelketa. Egurrezko sagardoarenak hirugarren edizioa du aurtengoa. Aurreko bietan Urdaira nagusitu izan da. Iazkoan Patxi Azkonobietak jaso zuen Usurbilgo Herriko Etxea Saria. Bigarren saria Josu Furundarenak eta Nerea Uribek hirugarrena. Gipuzkoako 18 sagardogile aurkeztu ziren. Silvia Garcia Mugaritz jatetxeko somelierra eta Mikel Rodriguez Tolosaldea jatetxeko nagusia aritu ziren epaile lanetan.