Igandeko sagardo festak auzolanerako bolondresak behar ditu

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 17a, 09:51

Bolondresak behar ditu 38. Sagardo Egunak, bestela zaila izango baita jai egun hau behar bezala ospatzea. Antolakuntzak maiatzaren 19an Usurbilek alkate izango duen sagardoa zerbitzatzera eta gainerako postu eta antolakuntza lanetan parte hartzera animatzen ditu usurbildarrak. Biltzeko hitzordua, igande goizeko 8:00etan frontoian.

Usurbildarren jai egun kuttunena behar bezala ospatuko bada ezinbestekoak ditu. Haiek gabe, festarik ez. Sagardo botatzaileei buruz ari gara. 38. Sagardo Egunak dituen laguntzaile preziatuez. 

Maiatzaren 19an ospatuko den ediziorako ere beharko dira noski. Usurbilgo Sagardo Eguneko Lagunek jakinarazi dutenez, 41 sagardo postu izango dira hilaren 19an frontoian, eta Dema zein Askatasuna plazen bueltan. Postuotarako botatzaileak beharko dira. Postuokin batera, pintxoak zerbitzatzeko gunea egokituko da Askatasuna plazan eta frontoiaren bueltan, eta sagardoa edateko edalontziak banatuko dira. Zeregin guztiotarako ere noski, usurbildarren jai egun kuttunenak ezinbestekoak ditu bolondresak. Sagardo Eguneko antolatzaileek bolondresei gonbita zuzena luzatzen die, herri honetako urteko jai egun nagusiko auzolanera batu daitezen. 

Ohi bezala, animatzen zaretenok hilaren 19an goizeko lehen orduan, 8:00ak alderako plazara agertu jai gunea prestatzen laguntzera. Eta gero, postuetako batean 11:30etan hasi eta bazkal ordura arte lanean aritzea litzateke egin beharrekoa. Ez ahaztu, jaialdirako egoki jantzita agertu.