Euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioa, talogileak eta kontzertuak, 38. Sagardo Eguneko Ernai Usurbilen karpagunean

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 19a, 08:55

Hemen da 38. Sagardo Eguna! Igande honetan ospatuko dugun jai egun handiko festa gunea Mikel Laboa plazaraino zabalduko da, Ernai gazte antolakundeak frontoi atzean egokituko duen karpa guneari esker. Musika, mobilizazioak eta jan edana izango da bertan.

"Bulkada berriok txootx! Maiatzaren 19an Sagardo Eguna ospatuko dugu Usurbilen. Ez galdu Ernaik antolatu duen egun osoko egitaraua!", luzatu du gonbita Ernaik sare sozialen bidez. Talogile solidarioek sukaldaturiko talo goxoak, edatekoa, euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratze eta giza katea, eta kontzertuak antolatu ditu Ernaik.

Euskal presoak etxeratzeko mobilizazioa
Gozetik eguerdi partera arte dastatu ahalko dira Mikel Laboa plazako karpagunean sukaldatuko dituzten taloak. Arratsalde parterako beste bi musika hitzordu: Lendakaris Puerkos eta Dj Jotatxo.

Sagardo Egunean herrian falta direnak oroitu eta bizi duten egoera bidegabea salatzeko tartea hartuko da baita urtero moduan. Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak deituta, euskal presoak etxeratzeko mobilizazioa deitu da iganderako 13:00ean, Ernai Usurbilek Mikel Laboa plazan antolatu duen txosna gunean. Elkarretaratzea lehenik, kalejira eta presoen eskubideen aldeko txotx hitzordua borobiltzeko.

Oro har oraindik orain indarrean den salbuespenezko legedia, eta dispertsioa salatuko da; modu berezian, jada Usurbilen behar luketen hiru herritarrek bizi duten egoera. Gugandik 600 kilometrora, Valentziako Picassenteko espetxean baitira oraindik, Olatz Lasagabaster, Patxi Uranga eta haien haur Xua. Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak, apirileko azken ostiraleko elkarretaratzean ohartarazi zuenez, are gehiago urrundu ditzakete laster. “Berriki jakinarazi diete Picassenteko amen moduloa ixtera doazela eta handik beste espetxe batera eramango dituztela. Segurua ez den arren, litekeena da oraindik urrunago eramanak izatea”. Gerta daitekeenarekiko, “jakina, kezka eta urduritasuna areagotu egin die bai berari (Olatzi), bai senideei. Berriro leku berri batera moldatzea, umea espetxetik ateratzen dutenean baldintza ahalik eta egokienetan izateko beste etxebizitza bilatu beharra eta abar eta abar”.

10 urte espetxean 
Gerta daitekeenaren zain, etorkizun hurbilean ere bestelako aldaketarik biziko dute Olatzek, Patxik eta Xuak. Datorren urtarrilean Lasagabaster eta Urangaren haurrak hiru urte beteko ditu eta gurasoekin partekatzen duen espetxetik irten eta ama zein aitarengandik urrundu beharko du. Egoera bidegabea da noski, kontuan izanik, Xuarekin batera, Olatzek eta Patxik jada kalean behar zutela, Usurbilen, espetxe zigorraren hiru laurdenak beteak baitituzte. Baina gaurkoz, aipatu moduan, Picassenten dituzte preso. Ekainean 10 urte beteko dituzte espetxean. Gaurkoz 2021eko ekainerako finkatua dute irteera data.

“Xua gurasoekin etxera” dinamika 
Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak apirileko azken ostiraleko elkarretaratzean iragarri zuenez, Olatz, Patxi eta Xua etxeratzea exijituko duen “Xua gurasoekin etxera” dinamika bat antolatzen ari dira Orioko eta Zarauzko lagunekin batera. Dinamika honen gaineko xehetasunak laster ezagutzera ematekoak dituzten arren, gogorarazi zutenez, “hilabete batzuk barru Xuak hiru urte betetzen dituenean ezin izango du gurasoekin espetxean bizitzen jarraitu. Eten hori, ordea, ekidin daiteke Olatz eta Patxiri espetxe politika arrunta aplikatuko baliete baldintzapeko askatasunean atera daitezkeelako”. 

Dinamika honen atarian, “zuen elkartasunarekin batera, lanean jarraitu beharko dugu sufrimendurik gabeko eszenatoki bat lortzeko. Hurrengo hitzordua Sagardo Egunean”. Igandean 13:00ean Mikel Laboa plazan herritarrak mobilizatzera deitu ditu Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak. “Euskal preso, iheslari eta deportatuak etxean eta bizirik nahi ditugu”, exijitzen dute. Gogoan izan, mobilizazio honekin batera, presoen eskubideen alde ariko direla lanean bazkal ordura arte talogileak, ohi bezala, Ernaik egokituriko txosnagunean. Jai giroari kontzertuek emango diote segida arratsaldean.

Presoak txotx! txosna gunea
Maiatzak 19, igandea
Tokia: 
Mikel Laboa plaza.

11:00 Txoznaren irekiera.
13:00 Preso eta iheslarien aldeko kalejira eta txotxa.
Preso eta iheslarien aldeko talogileak egongo dira eguerdira arte.
17:00 Lendakaris Puerkos.
Ondoren, Dj Jotatxo.
Antolatzailea: Ernai Usurbil.