Usurbil, 38. Sagardo Egunean murgiltzeko prest

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 19a, 09:00

Herria dagoeneko 38. Sagardo Egunerako prest! Igande goizeko 11:30etan frontoiko irekiera ekitaldiarekin abiatuko da sagardo festa! Eguraldi kaxkarrari aurpegirik onena erakutsi eta festa giroan murgiltzeko gonbita luzatu dute Sagardo Egunaren Lagunak taldekoek.

"Eguraldi kaxkarra datorrela? GURI BOST! Denok babesean eta aterguneetan egongo garela ziurtatu nahi dugu antolakuntzatik, euriz busti beharrean SAGARDOZ bustiko gara! Animatu beraz eguraldi txarrari aurpegi ona jartzera eta egun zoragarria pasatzera!!!Gora Usurbilgo Sagardo Eguna!".

Hortxe, gaur goizeko 11:30etako irekiera ekitaldiaren aurretik antolakuntzak luzatu duen mezua. Aurten ere herriko aurpegi ezagun batek emango dio hasiera 38. Sagardo Egunari!

Hortik aurrera, edalontzia erosi eta aspaldiko postu eskaintza zabalenean osteratxoa egiteko aukera bazkal ordura arte. Etxeko nahiz Euskal Herriko txoko gehiagotako 41 sagardo postu frontoian, Dema eta Askatasuna plazetan. Baita pintxo gozoak ere sagardo tragoei bultza egiteko.

Goizean zehar adi baita, fronteiro oholtzara; 3. Egurrezko Sagardoaren eta 1. Sagar muztio txapelketoen sariketa ospatuko baita.

Bazkalostean segiko du jai giroak, kale giroa astinduko duen "Elektro-Patxaranga" taldekoen eskutik!

38. SAGARDO EGUNA
Maiatzak 19, igandea
11:30 Sagardo Egunaren Irekiera.
Baserriko, "Euskal Sagardoa" Jatorri Izendapen duena eta Gipuzkoako elkarteko sagardoa dastatzeko aukera. Honetaz gain, pintxo aukera zabala.
12:00 Egurrezko Sagardoaren Lehiaketa.
14:30 Sagardo dastaketaren itxiera.
18:00 “Elektro‐Patxaranga” kaleetan zehar.

Antolatzailea: Sagardo Egunaren lagunak.


Ibilgailurik gabeko jai eremua
Urteroko oharrak diren arren, gogoan izatekoak. 38. Sagardo Egunak herri erdigunea bereganatuko du, eta honenbestez, ibilgailuen joan etorria mugatua izango da ohi bezala, Kaxkoaren bueltan. Usurbildarren jai egun nagusia frontoia, Dema, Askatasuna eta Mikel Laboa plazetan ospatuko da. Jai eremu hau inguratzen dituzten kaleetan izango dira trafiko mozketak. Adi beraz. Aukera onena ibilgailua etxean utzita bertaratzera festa gunera; bestela kontuan izan, jai eremutik urrundu beharko dela autoa aparkatzeko.

Ibilgailuen joan etorrirako zenbait kaleren itxierak autobus zerbitzuen geltokietan ere eragingo du urtero moduan. Donostia nahiz Orio alderako autobusak hartzeko, San Inazioko biribilguneko geltokira jo beharko da maiatzaren 19an.