38. Sagardo Eguna

Sakabanaketarekin amaitzea eskatu dute txotx eginez, kontzertuei begira den Ernairen karpagunean

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 19a, 13:20

Herrian falta direnak oroitzeko tartea hartu da gaurko Sagardo Egunean. Jada aske behar luketen arren, Valentziako Picassenteko espetxean segitzen duten Olatz Lasagabaster, Patxi Uranga eta Xuari elkartasuna adierazi eta haien eskubideak babesteko elkarretaratzea egin da Ernairen karpagunean. Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik gainera, albiste baten berri eman dute; Patxi Urangari bigarren gradua aplikatu diote.

Egun euritsuak ere Ernairen karpagunean eragin du. Mikel Laboa plazan egitekoa zuten elkarretaratzea eta bolatokirainoko giza-katea bertan behera utzi behar izan du Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak. Ernai Usurbilen karpagunera lekuz aldatu behar izan dute mobilizazioa. 

Sakabanaketa amaitu aldarriaren bueltan, euskal presoei aplikatzen segitzen zaien salbuespenezko legedia indargabetzea eskatu dute, besteren artean, Usurbildik 600 kilometrora, Valentziako Picassenteko espetxean segitzen duten Olatz Lasagabaster, Patxi Uranga eta Xua haurrrarentzat. Sagardo Egun honetako elkarretaratzean gogorarazi dutenez, "izan ere, legeri barrunta aplikatuko balitzaie, besteak beste Olatz eta Patxi gure artean izango lirateke bere alaba Xuarekin. Are, seguru asko aspaldi dastatu ez duten sagardoaz gozatzen ariko lirateke gaurko festaren erdian". 

Argi denez, aurtengoz ez da posible izan, "festari aldarrikapena uztartzea beste erremedirik ez dugu, zoritxarrez gauzak ez baitira nahi genukeen bezainbeste aldatu". Txotx eginez oroitu nahi izan dituzte. "Oraingoz ezinezkoa zaienez, guk egingo dugu txotx beraien oroimenez". 

Albiste garrantzitsu baten berri eman dute mobilizazio amaieran; Patxi Urangari bigarren gradua aplikatu diote.

Talogile solidarioak
Mobilizazioa egin den Ernai Usurbilen karpagune berean, jo eta su lanean aritu da goizean goizetik herritar talogile taldea. Talde solidarioa, bildutako laguntza presoen senideengana bideratzen baitute. Arratsalde partean musikak girotuko du Mikel Laboa plazako jai gunea:
17:00 Lendakaris Puerkos.
Ondoren, Dj Jotatxo.
Antolatzailea: Ernai Usurbil.