"H-Artzetik, poesia musu zapietan" ikuskizuna 20:00etan Sutegin

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 24a, 07:01

Jexux Artze Elkartearen eskutik “H-Artzetik, poesia musu zapietan” ikuskizuna eskainiko dute Sutegin maiatzaren 24an 20:00etan, Txakur Gorria Kolektiboak eta Peru Galbete musikariak. Azken hau usurbildarra da. Txakur Gorria Kolektiboko kideetako bat, Ane Labaka lasartearra da eta bertsolaritzan egiten ari den lanagatik ezaguna egin da azken urteetan. Nerea Ibarzabal bertsolaria, Malen Amenabar eta Mariñe Arbeorekin batera osatzen dute kolektiboa, eta orain, guztien artean Artzeren poesiak errezitatuko dituzte hainbat euskarritan. Ane Labaka eta Peru Galbeterekin izan da NOAUA!, ikuskizunaren nondik norakoak ezagutzeko.

NOAUA! Joxan Artzeren poemak ekarriko dituzue gogora zuen ikuskizunean. Bi belaunaldi desberdinetakoak zarete. Zerk piztu du zuen arreta?
Ane Labaka: Ikuskizunerako Artzeren liburu guztiak arakatu ditugu denon artean eta nire arreta, bereziki, lehen aroko poemek erakarri dute, joko fonetiko nahiz bisualak burutzen dituztenek. Irakurlearekiko harremana ulertzeko moduak ere zer pentsatu handia eman dit.
Peru Galbete: Enkargu bat izan zen Loralditik. Txakur Gorriakoei eskaini zieten eta ondoren, niri esan zidaten beraiekin parte hartzeko ikuskizuna prestatzen. Ni nola Usurbilgoa naizen ezagutu nuen Artze nahiz eta adin tarte handia izan. Txakur Gorriako Mariñek bazekien Artze gustuko nuela eta hortik etorri zen dena.

N. Artzeren lanetara hura hil eta gero hurbildu dira hainbat, zuek ere heriotzaren ondoren ekarri nahi izan dituzue gogora haren lanak. Zergatik hautatu duzue momentu hau?
A. L: 
Guk Artze Mikel Laboaren abestietatik ezagutzen genuen gehienbat, gure belaunaldi inguruko askok bezalaxe. Berarengana beste modu batean hurbiltzeko momentua ez dugu guk hautatu. Kanpotik, Loraldia Jaialditik egin ziguten proposamena eta guk onartu egin genuen.
P. G: Nahiz eta Artze hilda egon, nik lan hau gustura egingo nuen beste momentu batean ere. Honen aurretik ere beti izan dut buruan Artzeren poemekin zerbait egitea, ikus-entzunezko arloan ere ibiltzen naiz eta gonbita luzatu zidatenean niretzat ohore handia izan zen.

N. Txakur Gorria kolektiboan irudia eta testua lantzen dituzue. Peru Galbete, berriz, musika munduan ibiltzen da. Nola bururatu zitzaizuen lan bateratu hori egitea?
A. L: 
Txakur Gorrian ohituta gaude diziplina ezberdinak uztartzen (irudia, testua, dantza, bertsoa...) eta oraingoan ere nahiko modu naturalean ohartu ginen musikari batek asko jantziko lukeela guk egin nahi genuena. Horregatik luzatu genion proposamena Peruri.

N. Ane, Peruk zer eman dio ikuskizunari?
A. L: Atmosfera musikal eta soinuzko oso batez jantzi du emanaldia. Berak ezagutzen duenetik, asko lagundu digu bai emanaldiaren sormen prozesuan eta baita, ikusi, entzun eta sentitu daitekeen moduan, emanaldian bertan.

N. Eta Txakur Gorriak zer eman dio ikuskizunari, Peru?
P. G: 
Izugarrizko esperientzia. Eskaintza hau heldu aurretik ezagutzen nituen eta niretzat oso gazteak izanda euren lana gustuko izan dut beti. Oso aberatsa izan da hau guztia. Beraiek ere mundu ezberdinetatik datoz eta hori dena biltzea eta denok batera lan egitea oso aberatsa da; beste iturri batetik hartzea da.

N. Diziplina ezberdinetakook osatutako lanaren emaitza da “H-Artzetik, poesia musu zapietan” ikuskizuna. Fusio hori nola de nituko zenuke?
A. L: 
Artzeren lan ezberdinen aukeraketa eta interpretazio moduko bat da. Gure egungo begiradatik eta diziplina ezberdinak uztartuz burutu duguna. Badu errezitalditik, badu kantalditik, badu antzerkitik... Baina ez da ez errezitaldia, ez kantaldia, ez antzerkia. Emanaldi poliedrikoa da.
P. G: Artzeren unibertsoa, berak hitzez lantzen zuen iruditegi osoa errazago egin zaigu taula gainera eramaten errekurtso ezberdinekin. Sartzen da errezitaldia, baina baita ere musika, soinua, proiekzioa, performance zatiren bat... Nahi genuen zerbait egin ahalik eta hoberen islatuko zuena poema bakoitza.

page6image19344
 

Peru Galbete: “Ilusio berezia egiten dit”
NOAUA! Ikuskizunaren izenburuak, “H-Artzetik, poesia musu zapietan” zer pentsatua ematen du. Azalduko zeniguke nondik datorren?
Ane Labaka:
 Artzeri buruz dokumentatzen ari ginela hasiera hasieran aipatu ziguten noizbait bere poemaren bat edo beste tabernaren bateko musuzapiren batean idatzita utzi izan zuela eta ideia horri tiraka, izenburu hau bururatu zitzaigun.
Peru Galbete: Joxan Artzerengana hurbiltzeko daukagun modua da. Artzetik, baina baita ere gure zerbait eskaintzea.

N. Artzeren jaioterrian arituko  zarete. Horrek are bereziago egingo du maiatzaren 24ko emanaldia?
A. L: Bai, emanaldia sortzen ari ginela gure artean aipatu genuen, dagoeneko ederra litzatekeela Usurbilen egitea eta gauzak zer diren, estreinatu aurretik deitu ziguten Usurbildik bertatik maiatzean plazaratu genezan.
P. G: Ez dut aukera askorik izan nire herrian aritzeko eta ilusio berezia egiten dit. Nahiz eta orain hemen ez bizi, urte asko egin ditut eta horrelako zerbait eskaintzeko aukera izatea opari modukoa da. Ez da soilik nire herria gainera, poetarena ere bai, eta horrek are bereziago egiten du.

page7image7648