Euskal abestiekin girotu digute herria Kantu Taldekoek, udako etenaldi aurreko ohiko azken saioarekin

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 25a, 13:45

Fin asko eta gogotsu plazaratu dira hileroko azken larunbatetako hitzordura Usurbilgo Euskal Kantu Taldekoak. Euskal abestiekin girotu digute eguerdiko bazkalaurrea. Momentuz azken aldiz. Udako etenaldiaren ostean helduko diote berriz hileroko kantu-jirei. Aurretik halere, hurrengo asteotan hitzordu berezi gehiago iragarri dituzte.

Tartean, azken urteotako hitzorduari hutsik ez diote egingo aurten ere. Usurbilgo Euskal Kantu Taldea, Euskal Herria Kantuz elkarteak eta Xiberoko Kantuzaleen Biltzarrak ekainaren 15ean Zuberoan, Maule-Urdiñarben antolatu duten Euskal Herria Kantuz Egunera joateko irteera prestatzen ari da. Autobus zerbitzua antolatu dute Usurbildik; 8:30etan abiatuko da Oiardo Kiroldegi ataritik. Egunpasa joan asmo duenak Kantu Taldeko kideren batekin hartuemanetan jar dadila. Gogoan izan, astelehenero biltzen da Euskal Kantu Taldea 18:00-19:00 artean Agerialdeko musika gelan.

Euskal Herria Kantuz Egunen, Euskal Herriko osoko kantu taldeak elkartuko dira. Kantujira ospatuko dute goizean Maulen, herri bazkaria eta bazkalosteko dantza eta kantu saioa Urdiñarben.

Biharamunean maskarada
Egutegia eskutan hala egokitu da. Usurbildik eta Xiberoara irteerea antolatu dute ekainaren 15ean, eta biharamunean, xiberotarrak izango ditugu Usurbilen. Gogoan izan, ekainaren 16an, maskarada eguna Usurbilen! Asteotan xehetasun gehiago.