“Ipuinak, sexu heziketaz blai” saioa 18:00etan liburutegian

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 29a, 10:02

Gurasoekin egin izan dituzten tailerretan agertu izan den zalantza edo kezketako bati helduko dio Usurbilgo Udaleko Sexu Aholkularitza Guneak Sutegi udal liburutegiarekin elkarlanean aste honetarako, maiatzaren 27 eta 29rako antolatu dituen “Ipuinak, sexu heziketaz blai” izeneko bi orientazio saioetan. Guraso, tutore edota hezitzaileak noiz eta nola jorratzen hasi daitezkeen sexualitatearen gaia, haur, gaztetxo edota seme-alabekin, hortxe jorratuko duten gaia. 

Elene Jimenez sexologo eta sexu aholkularitza guneko arduradunak argi du, “haurrak txikiak direnetik has gaitezke sexualitatearekin lotutako gaiez hitz egiten”. Batzuetan haur eta gaztetxoak beraiek dira jakinminez galdetzen hasten direnak. “Bapatean, ezustean agertzen dira galderak eta askotan erantzunak ez ditugu pentsatuak. Naturalki erantzun nahi baina ezin jakin une egokia ote den, noraino azaldu, nola egokitu haurraren adinari, adin bakoitzeko interesak zeintzuk diren… Askotan erantzundakoarekin ere ez gara oso gustura geratzen”, dio Jimenezek. Zailtasunak sortzen dira. “Ez da elkarrizketa arrunt bat, ez zaigu normalean gai honi buruz hitz egitea sortzen. Drama egin gabe, goazen horretarako errazten diguten moduak bilatzera. Ipuin edo film bat izan daiteke horretarako bidea”. 

Egoerok kudeatzen asmatzeko, liburuak proposatuko dira. Ez liburuetan galderon erantzunak egongo direlako. Liburuak sexualitateaz hitz egiten hasteko, komunikazio bidea errazteko aitzakia edo laguntza gisa baliatuko dira. “Liburuotan hainbat gai aztertuko ditugu, askotan jorratuak ez dauden gaiak ateratzeko modua izango da. Hitz egiten hasi eta duten jakinmin hori elikatu edo jorratzeko aitzakiak”, Jimenezek NOAUA!ri argitu dionez. Liburuak bitarteko paregabetzat jotzen ditu sexu aholkularitza guneko arduradunak, gurasoekin batera irakurketak egiten dituzten haurrei “ideiak helarazi edo horren harira hitz egiteko”. 

Sexologiaz modu zabalean aritzeko
Horretaz jabetzea litzateke egunotako saioen helburua. Sexologiatik egiten duten lanketarekin bat dator ariketa hau Elena Jimenezentzat. “Gure lanaren ardatz nagusia da, gertatzen diren egoera, gertaera edo fenomenoak ulertzeko hainbat ideia luzatzea”. Sexologiaz modu zabalean jardutea. “Askotan argi aipatzen duguna da seme-alabak nondik datozen eta nahi gabe hori da indartzen dena. Gainerakoa batzuk jorratzen dute beste batzuk inoiz ez”, Jimenezen esanetan. Eta gainerako horretan guztian, mundu zabala dago. “Ez da hitz egiten, ni naizen neska berezi hori nolakoa den; nire gustuak, hitz egiteko modua, janzkera, zaletasunak estereotipoetan egon edo ez…”. Baina argi dio, horretan jarri behar da arreta gunea. “Nirea den hori indartu behar dut, nolakoa naizen. Bakoitzaren berezitasunei indarra ematea, bakoitza desberdina garelako. Erakarpenaz, maiteminaz, gustuko pertsonetaz, ligatzeko moduez, nolakoak ziren gure garaiak eta egungo haienak, gorputz sentsazioez, jokaerez, harreman mota ezberdinez, familia ereduez… Hori guztia ere sexualitatea da”. 

Horretaz guztiaz hitz egiteak ahalbidetu dezake “beraiek ulertzea, zer ideia dituzten behatzea, zer nolako ideiak jasotzen ari diren, nolakoak diren, nola bizitzen duten beren gorputza…”. Eta horrekin guztiarekin, “erosoago bizi ditzakegu aldaketa guztiak, gai honen inguruko guraso eta seme-alaben arteko elkarrizketak bultzatu edo erraztu ditzakete”.

Tailerrotan ere hainbat argibide eskainiko dira. “Aitzakia polita da seme-alabekin gaiak modu ludiko batean lantzeko”.

Gurasoei zuzenduriko saioak
Ordua:18:00.
Tokia:Sutegi udal liburutegia.
Egunak:
-Maiatzak 27, astelehena: 8-11 urte artekoentzat.
-Maiatzak 29, asteazkena: 2-7 artekoentzat.

Izen ematea: maiatzaren 27ra arte liburutegian.

Sexu Aholkularitza Gunea
Hilabeteko lehen, hirugarren eta egongo balitz, bosgarren astearteetan zabalik izaten da Usurbilgo Udalaren zerbitzua, 17:00-19:00 artean. Udako etenaldiaren aurretik, azken aldiz, ekainaren 4an eta 18an zabalduko dute gunea. Uztaila eta abuztuko etenaldiaren ostean, irailean berriz martxan izango da. Bertaratu nahi duenak aurrez hitzordua eskatu edo informazio gehiago jasotzeko bideok ditu: sexuaholku@usurbil.eus/ 697 919 516 / Kale Nagusia 43, behea (Gizarte Zerbitzuen egoitza).