Udal hauteskundeak 2019

[Balorazioak] Agurtzane Solaberrieta: “Adostasun berriak lantzeko bokazioz nator”

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 27a, 17:54

EH Bilduk gehiengo osoa lortu du Usurbilen. Udal gobernua osatzeko garaian ez du beste inoren premiarik izango. Hala ere, “rodilloaren politikak” ez dituela gustuko adierazi digu Agurtzane Solaberrietak. “Gainerako alderdiekin adostasunetara iritsi nahiko nuke. Emaitzek erakutsi duten bezala, gure herria anitza baita”.

Hauteskundeen biharamunean, alderdiengana jo dugu balorazio eske. Duela lau urteko emaitzak errepikatu direnez, indar korrelazioak bere horretan mantenduko dira. EH Bilduk zortzi ordezkari izango ditu, EAJ-PNVk lau eta PSE-EEk bat. 

 

“Bihotz-bihotzez, mila esker”

Eskuratu duen boto kopuruarekin pozik da EH Bilduko zerrendaburua.  “Ezer baino lehen, usurbildarrei eskerrak eman nahi dizkiet berriro ere gugan konfiantza jartzeagatik, eta alkate izatera eraman nautelako. Bihotz-bihotzez, mila esker. Ez dut beste hitzik”.

 EH Bilduk zortzi zinegotzi zituen eta zortzi izango ditu datozen lau urteetan. Agurtzane Solaberrietak adierazi digunez, “oso pozik gaude lortutako emaitzekin: zortzikoari eustea zen gure helburu nagusia, eta lortu dugu, nahiz eta duela lau urte baino 60 boto gutxiago atera”. 

Emaitza honekin, gehiengoa osoa eskuratu du ezker abertzaleak Usurbilgo udaletxean. “Hala ere, rodilloaren politikak ez ditut gustuko. Guztiona eta guztiontzat den Usurbil eraiki behar dugu. Herri interesak lehenetsiz, elkarri entzunez, elkar begiratuz, hitz eginez, aliantzak zabaltzera eta adostasun berriak lantzeko bokazioz nator, bai oposizioarekin, bai herriko eragileekin, auzoekin, eta, nagusiki, inor bazterrean utzi gabe”. 

 

“Alkate ezinhobea izan da Xabier"

Ez du kargua hartu oraindik baina dagoeneko aurrera begira sumatu dugu Agurtzane Solaberrieta. Hala ere, ez du iragan hurbileko agintaldia goraipatu gabe utzi nahi. “Orain arteko udal gobernuak egin duen lana txalotu nahi dut”. Maiatzaren 26ko emaitzek ere antzekoa adierazten dutela dio: “uste dut herritarrek ere txalotu egin dutela kudeaketa bikain hori. Dena eman dute usurbildarren alde, usurbildarrok hobeto bizi gaitezen”. 

Duela bi urtetik hona, Agurtzane Solaberrieta komunikazio lanetan aritu da udaletxean. “Zortea izan dut azken bi urteotan haiekin eskuz esku lanean aritzeko, eta Xabirekin (Xabier Arregi) asko ikasi dut. Alkate ezinhobea izan da, eta ohorea eta errespetu handia izango da haren eskutik lekukoa hartzea”. 

 

“Udal-gobernuko bulegoko ateak zabalik izango dira uneoro”

Kargu berria hartzear den honetan, aholku bakarra eman dio Arregik Solaberrietari: “Jendeari entzun eta haren tokian jartzen saiatu”. Halaxe aitortu digu EH Bilduko zerrendaburuak. “Horixe da, beraz, nire asmoa: alkatetzako zein udal-gobernuko bulegoko ateak uneoro zabalik izango dira eta herritar guztiei behar duten denbora osoa eskaintzeko asmoz gatoz”.