2020ko Euskaraldia prestatzen hasteko bilera irekia 17:00etan Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2019ko eka. 4a, 07:52

2020ko Euskaraldirako prestaketa lanak abiatu dira. Larunbatean Donostian eginiko lan saio batean aurkeztu zituzten xehetasunak, ehunetik gora lagunen aurrean. Herrietan ere martxan hastera doaz orain antolaketa lanak. Usurbilgo herri batzordea astearte honetan (ekainak 4) bilduko da 17:00etan Potxoenean. Bilera irekia izango da, herritar nahiz eragile ororentzat. 

Ahobizi eta Belarriprestok adi, konturatzerako Euskaraldia bueltan datorkigu eta. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskal Herrian 220.000 lagunek eginiko ariketa kolektiboak jarraipena izango zuela iragarri zuten sustatzaileek, joan den urte amaierako 11 eguneko ekimena amaitu berritan. Data finkatua dute; geure hizkuntza ohituretan eragin eta euskararen erabilera sustatzea helburu duen ekimenaren  edizio berria, 2020ko udazkenean ospatuko da. 

Estreinako edizioan bezala, Ahobizi nahiz Belarriprest rolen bidez, iazko udazkenean 11 egunez egin eta hasitako ariketari segida ematera, Euskaraldian parte hartzera gonbidatuko dira herritarrak. Eta berrikuntza bat ere iragarri dute; 2020ko udazkeneko ariketa kolektibo berrian, erakunde publiko, enpresa, saltoki, elkarte eta abarrei, entitateei oro har, haien guztien jardunean euskararen erabilera indartzeko konpromiso zehatzak hartzea bultzatuko da.