Babestutako edukia

Yo Ciervo: "Gure abestiek geroz eta heldutasun handiagoa dute

Noaua Aldizkaria 2019ko eka. 4a, 08:00

Donostiarrak dira eta rock alternatiboa egiten dute. Imanol eta Julen Rivas anaiek eta Koldo Bellosok osatutako hirukotea da Yo Ciervo eta La guerra de la independencia trilogiako bigarren diskoa besapean hartuta ari dira kontzertuak eskaintzen. Hain zuzen ere, disko horretako lehen singlea den Mundu honetan kantua lehen postuan izan da Gaztea irrati saioko zerrendan.

Txiki-txikitatik elkarren inguruan eta musikaren bueltan; nolako ibilbidea egin du Yo Ciervok? 

Polita, eta zaila era berean. Julen eta biok (Imanol) duela 15 urte hasi ginen lokalean abestien bertsioak egiten eta baita gure lehenengo abestiak konposatzen ere; urte horiek benetan politak dira. Lehenengo abestia konposatzen duzunean daukazun sentsazioa oso berezia eta polita da. Gero urteak aurrera joan ahala, errealitateak zeure tokian jartzen zaitu, eta, norbere burua heltzen ere asko laguntzen du. Gauza asko ikasten dira bidean ezagutzen duzun jendearekin, bai onerako, bai txarrerako.

 

2016an kaleratu zenuten zuen lehen lana. Ordutik hona izan du aldaketarik taldeak?

Sumar y restar laneko abestiak urtebete aurretik genituen konposatuak, baina, hainbat arazo direla medio, atzeratzen joan zitzaigun hurrengo urtera arte. Baxu-jole gabe geratu ginen, eta, erabaki genuen disko osoa Julenek eta biok grabatzea eta ekoiztea. Urte horren bukaeran, Koldo Belloso ezagutu genuen eta taldera sartu zen gurekin; ordutik bilakatu gara talde, hala esan genezake. Eraginkorragoak gara, ondo ulertzen gara elkar, eta abestiek, geroz eta heldutasun handiagoa dute, aspektu guztietan; izan ere, guztiok goaz norabide berean, gaitasunei zein gogoari dagokienez.

 

Rock, pop, indie, grunge eta metalaren eraginak dituen taldea zarete. Estilo propioa duzuela esango zenukete?

Oraindik bilaketa horretan ari gara, hortaz, ez genuke hori esango. Gaur egun, publikoak ezberdintzen zaituenean, zure propiotzat hartzen duenean, orduan lortzen duzu arrakasta gure ustez, nahiz eta alderdi ekonomikoan askotan ez nabarmendu.

 

La guerra de la independencia trilogiako bigarren diskoa aurkeztu zenuten 2019arekin batera. Nondik dator proiektu hori?

Trilogia egitearen ideia etorri zen abesti sorta handia genuelako. Erritmo onean hasi ginen konposatzen lokalean, gure demoak portatilarekin grabatzen, eta esan genun: "Zergatik ez proiektu hau trilogia bat bihurtu, denboran luzatu, eta, lan serio bat egin?" Horrela sortu zen ideia.

 

Mundu honetan singleari buruz honakoa esan da: "Testu sakonak dituen proposamen heldu eta sendoa".

Bai, horrelakoak entzun ditugu eta eskertzen ditugu halako hitzak.

 

Musika munduan gaurkotasun handia duen gai bati heldu diozue, independentzia musikalari hain zuzen ere…

Independentzia musikalak baditu hainbat irakurketa edo ikuspuntu desberdin. "Musika independiente" etiketa duen musikak bere jatorrizko esanahia galdu egin duela dirudi, musika hori baita gaur egungo jaialdiak betetzen dituena. Tendentzia bilakatu da, alegia, musika komertzialetik aldendu nahian jaio zen estilo hura. Independentzia musikalak, geure ikuspuntutik, ez du musika mota bat definitzen, gauzak egiteko modu bat baizik. Talde independiente bat ez da gehiengoaren gustu musikaletatik kanpo gelditzen dena, edo musika mota berri bat asmatzen saiatzen den talde bat. Gure ustez, talde independiente bat, askatasun guztiarekin konposatzen duen talde bat da. Badirudi lehenengo zure buruari etiketa bat jarri behar diozula abestiak egiten hasi ahal izateko, eta kontzeptu horri buelta ematen saiatzen gara.

 

Urtarrilean hasi zineten birarekin. Zelako harrera egin dizuete?

Hala da, urtarrilean hasi ginen eta Euskal Herriko hainbat hiritan eta herritan jo dugu batez ere, baita Madrilen eta Santanderren ere. Harrera ona izan dugula esan daiteke, kontuan edukita jendea kontzertutarako mobilizatzea zaila dela.

 

Zenbat kontzertu dituzue eskaintzeko oraindik?

Uda parterako bost edo sei kontzertu gelditzen zaizkigu, ekainean hasi eta iraila arte. Bitartean trilogiaren azken bolumena konposatzen egongo gara, udazkenean berriro estudioan sartzeko irrikatan.

 

Hortaz, trilogia bukatzea da zuen hurrengo erronka?

Bai, hori da hurrengo urratsa, eta mimo handiz bukatu nahi dugu guretzako hain polita izan den proiektu hau. Gero beste bira bat etorriko da, eta gero, nork daki… Talde honen ilusioa da erronka berriei aurre egitea. Geure estilo, soinu eta ekoizteko moduan eroso sentitzen garen arren, zentzu guztietan pausoak ematea da gure grina.