EHBilduren hauteskunde osteko bilera irekia gaur 19:00etan Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2019ko eka. 11a, 09:25

Maiatzaren 26ko udal hauteskundeen ostea aztertzeko herri batzarra deitu du Usurbilgo EHBilduk astearte honetarako, ekainaren 11rako. Aipatu moduan, legealdi berrira begira jarriko dira, 19:00etan Potxoenean hasiko den bilera ireki honetan.

Maiatzaren 26ko udal hauteskundeen osteaz ariko dira Usurbilgo EHBilduk datorren astearterako (ekainak 11) 19:00etan Potxoenean deitu duen bilera irekian. Azken bozketa egunaren inguruko balantzea egingo da saio horretan. Horrekin batera, datorren 2019-2023 legealdira begira jarriko dira bertan bildutakoak. Udal osaketa berria izango dute hizpide, baita koalizioa bera ere.

Gogoan izan, udalbatza berria ekainaren 15ean, larunbat eguerdi partean osatuko da. Usurbilgo Udaleko pleno aretoan ospatuko den ekitaldian hartuko dituzte karguak, azken hauteskundeetan, herritarren bozkei esker 2019-23 legealdi berrirako hautatuak izan diren alkate eta zinegotziek. 13 udal ordezkariek osatuko dute udalbatza, orain arte bezala. Haietatik 8 EHBildukoak izango dira: Agurtzane Solaberrieta Mesa (alkate berria), Beñat Larrañaga Urdanpilleta, Lur Etxeberria Gurrutxaga, Joxe Mari Iribar Zapirain, Aroa Etxeburua Ugartemendia, Luken Arkarazo Silva, Oxkar Santamaria Pikabea eta Itziar Basterrika Unanue.