Natali, Berri Txarrak taldearen igandeko Kobetako kontzertuan

Noaua Aldizkaria 2019ko uzt. 12a, 08:49

Berri Txarrak taldeak igande honetan, uztailaren 14an Kobetan (Bizkaia) eskainiko duen kontzertuaren aurretik igoko da Usurbilgo Natali taldea, oholtza gainera. 

Zortzi bakarlari edo talderen bila zebilen Ahotsenea, uztailaren 14ko Kobetako "Berri Txarrak Lagun artean" kontzertuan parte hartzeko, lau orduz, 16:30-20:30 artean bi eskenatokietan. Euskaraz abestu eta 2019an diskoa argitaratu izana, hortxe Durangoko Azokako Ahotsenea guneak egin zuen deialdian parte hartu nahi zutenek bete behar zituzten baldintzak.

Deialdira guztira 71 bakarlari edo talde aurkeztu dira. 8 izan dira hautatuak, eta hautatuen artean, talde usurbildar bat; Natali. "Dena emateko asmoz eta ilusioz beteta gaude. 18:30tan izango da gure txanda Triangelu karpan. Bertan ikusiko garelakoan!":

Natalirekin batera kontzertua eskainiko dute igandean Berri Txarrakekin batera, talde honen aurretik, Diabolo Kiwi (Nafarroa  Behera), Iont (Araba), Patx & Run (Araba/Bizkaia), Huts (Bizkaia), Dukka (Gipuzkoa), Atzapar (Nafarroa) eta Larra Bideak (Nafarroa) taldeek. 

"Garena"
Aurretik, Natali Usurbilgo jaietan entzuteko aukera izango dugu! Gogoan izan, estreinako diska martxoan kaleratu zuela Natalik; "Garena". Ordutik, Euskal Herrian barrena dabiltza Natali Izagirre, Ixak Arruti, Olaia Inziarte, Gorka Mendizabal eta Andres Insua "Garena Tour" aurkezpen biran. Lan berriko abestietako bat, "Zerbait aldatzera doa" izeneko abestiari bideoklipa sortu zioten. Otsailean grabatu zuten inguruotan, herriko hainbat figuranteren laguntzaz. 

NOAUA!k apirilean elkarrizketatu zuen Natali. Esteka honetan duzue bere elkarrizketa: https://noaua.tok-md.com/pdf/779web.pdf

Taldean berri hemen: natalimusika.com